07 DIC. 2025 KIROLA Etxean entrenatzea, mugitzeko aitzakiarik ez (Getty Images) Ione Rodriguez / Salto Training Eguneroko erritmo bizian, askotan zaila izaten da entrenamendurako tartea aurkitzea. Baina egia da ez dela behar ordu askorik, ezta material berezirik ere, aktibo mantentzeko. Etxean, gure inguruan ditugun baliabide arrutekin, gorputza mugi dezakegu eta osasuna zaindu, egunero pixka bat eginez. Ariketa fisikoak ez du zertan konplexua izan. Gorputzaren pisuaz baliatuz egindako ariketek -sentadillek, flexioek, oinkadek (zancada) eta plantxek- muskulu talde nagusiak aktibatzen dituzte eta edonork egin ditzake, espazio txikian eta denbora gutxian. Garrantzitsuena da mugimendua ohitura bihurtzea eta egunerokoan txertatzea. Horretarako, etxean bertan dugun material arrunta lagun izan dezakegu: Urez edo hareaz betetako botilak: mankuernen ordezko bikainak dira, besoak eta sorbaldak lantzeko. Motxila betea: liburuak sartuta, pisu gehigarria lortzen da hanketarako eta bizkarrerako ariketetan. Aulkia edo taburetea: egonkorra bada, trizeps, step-up edo oreka ariketetarako baliagarria da. Toalla: lurrean ariketa irristakorrak egiteko edo luzaketetan laguntzeko. Eskailerak: kardio lana egiteko aukera bikaina dira; igo eta jaitsi erritmo bizian minutu gutxiz. Zapi edo gerriko bat: luzaketetan edo mugikortasuna lantzeko tresna erabilgarria. Kuxinak: core-a eta oreka lantzeko, gainazal ezegonkorra sortzen baitute. Erratz edo fregona makila: mugikortasuna eta postura lantzeko lagungarria. Pareta edo atearen markoa: ariketa isometrikoetarako edo euste-lanetarako oinarri bikaina. Ikusten denez, ez dago aitzakiarik. Mugimendua eta osasuna ez daude espazio edo ekipamendu baten menpe; jarrera eta ohitura dira gakoa. 10-15 minutuko saio labur batek ere onura eragin diezaguke gure energia mailan eta ongizatean. Garrantzitsuena da konstantziari eustea eta gorputza aktibo mantentzea. Egunean zehar mugimendu txikiak egitea: eskailerak igo, bizkarra luzatu, oinez joan… Nahikoa izan daiteke hasierako pausoa emateko. Etxea, denbora falta eta baliabideak muga izan ordez, aukera bihur ditzakegu.