14 DIC. 2025 ARKITEKTURA Hirugarren paisaiaren estetika Gilles Clément frantziar lorezaina, paisaia diseinatzailea, botanikaria eta idazlea da, naturak lorategietan libreki jarduteko alde egiten duena. Ideia hori bi kontzeptutan laburbiltzen du: «lorategi planetarioa» eta «mugitzen dabilen lorategia». Henri Matisse parkea Euralilleko erdigune neuralgikoan eraiki zen eta oso interesgarria da paisaia garaikideen diseinuan egindako proposamen berritzaileagatik. Argazkiak: Visitando jardines, Josep M Mompín Nekane Azpiazu Lejardi Zenbait lorategitan bazirudien araua zela egonkortasuna, bere horretan mantentzeko pentsatutako espazioak, aldaketari tartetik utzi gabe. Kontrola, ordena eta perfekzioa. Alabaina, Gilles Clémenten etorrerarekin, logika berriei lekua egiten ari zaie, diseinuaren kategoria tradizionalak ezegonkortuz. Paisaiari biziaren adimenetik begiratzera gonbidatzen gaitu, jardina, emaitza amaitua baino, etengabe mugitzen ari den prozesua dela barneratzeko. Harentzat diseinuak laguntzea esan nahi du, eta ez zuzentzea edota menderatzea. Mugimendua duen lorategiak espezieen berezko mugikortasuna, migrazioak eta kolonizatzeko, erretiratzeko edo tokiaren kondizioen arabera egokitzeko gaitasuna onartzea proposatzen du. Paradigma horretan, lorezainak sistemaren bizitasuna bultzatzeko bakarrik hartzen du esku, ez ordena zurruna inposatzeko. Eredu klasikoetan desordenatzat jotzen dena osasun ekologikoaren seinale bihurtzen da hemen. Ikuspegi horren barruan funtsezko printzipioa da «landare arloteen» defentsa, haizeak, animaliek edo lurraren barneko dinamikak bultzatuta berez mugitzen diren espezieena. Clémenten ustez, mehatxua izan beharrean, landare horiek biziaren askatasuna irudikatzen dute eta lorategi garaikidearen oinarrizko aliatuak dira. Ez dira inbaditzaileak, esploratzaileak baizik, eta inguruko aldaketak adierazten dizkigute, hala nola lurraldeak nola arnasten duen eta zein mikroklima nagusitzen den. Horien presentziak paisaiaren izaera ebolutiboa ikusarazten digu, bai eta gogorarazi ere lorategia ez dela espezie finkoen museoa, etorkizuna sortzeko gai den sistema baizik. Logika horretan gauzatzen da Derborence uhartean, Lillen, Clémentek hiri espazioan egiten duen keinurik esanguratsuenetako bat. «Iritsezina den azalera natural» gisa pentsatuta, irlak laborategi autonomo bezala funtzionatzen du, izan ere, han, landarediak gizakiaren esku hartzerik gabe eboluzionatzen du. Henri Matisse izeneko parkean dago, eta jendeari itxita dagoen babeslekua da, diseinutik at bere burua antolatu, kolonizatu eta birsortzen duen lurraldea, «hirugarren paisaian» eraikitako manifestu bihurtzeko. Han gertatzen dena ez da erakusten, gerta dadin uzten zaio. Hirugarren paisaiak hondar espazio guztiak izendatzen ditu, interstizialak edo plangintzak bertan behera utzitakoak, non bizitza askatasunez berrantolatzen den. Zelaiak, errepide ertzak, trenbide ezpondak edo eraikinen arteko zuloak dira. Giza helbururik ez dutenez, bioaniztasunaren funtsezko erreserba bihurtzen dira. Proiektuak lorategiaren logika klasikoa alderantzikatu eta askatasun biologikoko gune bihurtzen du; eta hor landare arloteek esploratzeko ahalmena hedatzeko ekosistema bereziki egokia aurkitzen dute. Clémenten teoria hiru zutabetan egituratzen da: «mugitzen dabilen lorategia», «lorategi planetarioa» eta «hirugarren paisaia». Lehenengoak erabateko kontrolari uko egitera gonbidatzen du; bigarrenak eskala planeta osora zabaltzen du, ekosistema mugatua bizi garela gogorarazteko; eta hirugarrenak espazio marjinalak bioaniztasunaren berezko babesleku gisa aldarrikatzen ditu. Leku horiek hartzen dituzte, hain zuzen ere, landare arloteek, diseinu formalak ahaztutako lurraldeak kolonizatzeko gai diren espezie diskretu zein ezinbestekoek. Oro har, ideia horiek beste estetika bat proposatzen dute: biziaren estetika. Paisaia horretan ordena ez da estatikoa, baizik eta elkarrekintza dinamikoen emaitza. Edertasuna ez datza perfekzioan, baizik eta lurraldeak birsortzeko duen gaitasunean. Arkitekturan, formak finkatzera ohituta dagoen diziplinan, ikuspegi horrek proiektua ez dagoela inoiz erabat amaituta ulertzera garamatza. Lorategia ez da kontenplazio pribatuko objektua, jardinez ari bagara, betebehar partekatuez ari gara. Mugimendua duen lorategiak espezieen berezko mugikortasuna, migrazioak eta kolonizatzeko, erretiratzeko edo tokiaren kondizioen arabera egokitzeko gaitasuna onartzea proposatzen du