Bidaiari

David artelanaren kopia digitala, protagonista Chacoko Eskultura Biurtekoan

Argentinako Chacoko Eskultura Biurtekoak protagonista berezia izango du aurtengo edizioan: Michelangeloren ‘David’ artelanaren kopia digitala. Argentinako Resistencia hirian ospatuko da uztailaren 13tik 21era.

David garbitzen ari dira azkenaldiotan.
David garbitzen ari dira azkenaldiotan. (Tiziana Fabi | AFP)

‘David’, Michelangelo Buonarroti artista errenazentista italiarraren eskulturarik ospetsuenetakoa, Chacoko Eskulturaren Biurtekoaren protagonista izango da. Hobe esanda, artelanaren erreplika digital bat izango da ikusmina sortuko duena uztailaren 13tik 21era Argentinako Resistencia hirian.

Gisela Kraisman eta Denise Di Federico artista digitalek zizelkatu dute kolosoaren erreplika, Argentinako Arteen Unibertsitate Nazionalaren eta Karcovaren Museoaren laguntzarekin.

Chacoko Biurtekoa 1988tik ospatzen da Argentinako iparraldeko eskualde honetan.

‘David’en erreplika digitala martxoaren 6an aurkeztuko da, Eskultorearen Nazioarteko Egunean, Michelangeloren jaiotza ospatzen den egunean. Aurkeztu ondoren, lanak leku bat izango du Resistenciako parke eskultorikoan. Bertan, Biurtekoaren edizioetan saritutako estatuak daude ikusgai. Eskultura-parkea familien aisialdirako eta atsedenerako ohiko leku bihurtu da.

Artistekin aurrez aurre

Biurtekoan, bisitariek Resistencian dauden artistekin hitz egin ahal izango dute beren obrari buruz. «Izan ere, Chacora etortzearen magia bertako jendearekin topo egitea da», diote antolatzaileek.

2024ko ediziorako, 55 herrialdetako 157 artistaren eskaerak jaso ditu Biurtekoak. Ekitaldian zehar, aire zabaleko eskultura-tailerrak egingo dira eta artista gazteek aukera paregabea izango dute eskultutore maisu handiekin elkarlanean lan egiteko.

Gainera, artisautza eta arte eszenikoen erakusketak, kontzertuak eta azokak egongo dira topaketak iraun bitartean.