Bidaiari

Zein da munduko aireporturik estresagarriena?

Londres Gatwick da munduko aireporturik estresagarriena, VisaGuide aholkularitza-webguneak egindako azterketa baten arabera. Gainera, munduko hamar aireportu estresagarrienetatik bost Europan daudela dio txostenak.

Aeroportuak lekua estresagarrriak izan ohi dira.
Aeroportuak lekua estresagarrriak izan ohi dira. (Getty images)

Bisei buruzko VisaGuide aholkularitza-webguneak azterketa bat egin du munduko aeroportuei buruz honako bost faktore hauek kontutan izanda: bidaiari kopurua, aireportuaren tamaina, bidaiarien dentsitatea metro koadroko, urteko atzerapenen ehunekoa eta hiriaren erdigunerako distantzia kilometrotan. Eta txostenaren ondorioen arabera, Londres Gatwick da munduko aireporturik estresagarriena.

Aireportu hori erabiltzen duten bidaiarien kopurua beste aireportu batzuekin alderatuta batez bestekoaren azpitik badago ere, bidaiarien dentsitateari dagokionez puntuaziorik handienetakoa du.

Urteko atzerapenen ehunekoa lehenengo hamarren artean bigarrena da, eta hiriaren erdigunerako distantzia (43 kilometro), berriz, handiena.

76 milioi metro koadro

Txostenak dio, halaber, munduko hamar aireportu estresagarrienetatik bost Europan daudela. Istanbulgo aireportu turkiarra bigarren postuan dago. Europan gehien eraibili den aireportua da, 2022an 64.289.107 bidaiari erregistratu baitziren. Beraz, munduko zazpigarren aireporturik erabiliena da. Bidaiariek diote askotan zailtasunak izaten dituztela aireportuan mugitzeko, oso handia delako: 76 milioi metro koadro baino gehiago.

Hirugarren postuan Municheko aireportu alemaniarra dago. Istanbulgo trafikoaren erdia baino gutxiago izan zuen urte berean: 31.642.738 bidaiari. Alabaina, Municheko aireportuaren tamaina Istanbulekoa baino bost aldiz txikiagoa da.

Denverreko Nazioarteko Aireportua, Estatu Batuetan, laugarren dago zerrendan, eta bosgarren, Heathrow. Seigarren postuan Los Angelesko Nazioarteko Aireportua agertzen da, eta, haren atzetik, daude Erroma-Fiumicino, Dallas Fort Worth, John F. Kennedy eta O 'Hare Nazioarteko Aireportua.