Bidaiari

Guggenheim museoak, New York eta Bilboko gazteen arteko zubi

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek Euskal Autonomia Erkidegoko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesional bat izateko aukera eskainiko dute aurten ere beka programaren hamargarren deialdian. Urria eta abendua bitarte egingo da.

Guggenheim.
Guggenheim. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Guggenheim Bilbao Museoko iturriek jakinarazi dutenez, EAEko ikasleei zuzendutako udazkeneko beka programak esperientzia profesionala eskaintzen du artearekin eta museoen jardunarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko hainbat arlotan. Izena emateko epea apirilaren 22an amaituko da eta hautatutako gazteek 4.000na dolarreko diru laguntza jasoko dute.

Praktikaldiak

Praktikaldiak graduatu berri diren ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari direnei zuzenduta daude, beti ere bi baldintza betetzen badituzte: EAEn jaioak izatea edo bertan bizitzea 2022eko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz.

Zehazkiago, izena eman dezakete graduatu berri diren ikasleek (urriaren 7tik aurrera graduatutakoek), graduaren azken urtean daudenek edo graduondoko bat ikasten ari direnek, eta hainbat arlotan lan egiteko aukera eskainiko zaie, hala nola arte ardura, erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa eta harreman publikoak.

Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak bete beharko dituzte. Esperientziaren osagarri, bisitaldiak egingo dituzte erakusketa aretoetara, bilduma pribatuetara, enkante etxeetara eta hiriko beste museo batzuetara.

Interesdunek Bilboko Guggenheim museoaren webgunean kontsulta ditzakete oinarriak, eta bertan eman dezakete izena apirilaren 22 arte.