Bidaiari

Guggenheim museoak irekiera ordutegia luzatuko du udan

Ekainaren 16tik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoak irekiera ordutegia luzatuko du udan izaten den bisitari kopuru handiari erantzuteko. Udako ordutegia irailaren 21era arte egongo da indarrean, eta museoa 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik egunero, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Barbara Kruger artistaren obra bat.
Barbara Kruger artistaren obra bat. (Guggenheim museoa.)

Urterto bezala, udan izaten den bisitari kopuru handiari egoki erantzun ahal izateko, Guggenheim Bilbao Museoak irekiera ordutegia luzatuko du ekainaren 16tik aurrera. Irailaren 21era arte egongo da indarrean udako ordutegia: 10:00etatik 20:00etara, egunero.

Bilboko museora hurbiltzen diren bisitariek hainbat erakusketa izango dituzte ikusgai, besteak beste, ‘In situ: Refik Anadol’, ‘Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen’, ‘Vito Acconci / Sergio Prego: YOU’ bideo instalazioa eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak biltzen dituen erakusketa iraunkorra.

Barbara Kruger

Horrez gain, ekainaren 24tik aurrera Barbara Kruger artista estatubatuarrari eskainitako erakusketa ere egongo da Bilboko Guggehiem museoan.

Barbara Kruger artista estatubatuarrak bost hamarkadatik gora darama bere lan ausartarekin gogoeta akuilatzen eta ikusleak aho zabalik uzten. Guggenheimek antolatutako atzerabegirako orokor hau sortzaileari espainiar estatuan eskainitako lehena da. Artistak hitzen eta irudien boterea baliatzen du eguneroko bizitzak taxutzen dituzten egiturak zalantzan jartzeko: identitatea, desira, egia eta kontrola.

Guggenheim museoaren arabera, artistaren ibilbidearen «hasiera-hasieratik, Krugerrek modu kritikoan jorratu du hizkuntza nola erabiltzen den hedabideetan, politikan eta geure barne-elkarrizketetan. Publizitatearen lengoaia bisualean oinarritutako adierazpen-esaldi laburrak erabiltzen ditu –kolore gorriz edo berdez nabarmendutako testu zuri-beltz gordin gisa jarrita–, baina, produktuak saldu ordez, bere lanak pentsamendu kritikoa eskatzen du».

Haren zenbait esaldi, hala nola ‘Zure gorputza gudu-zelaia da’ edo ‘Erosi egiten dut; beraz, banaiz’, mugarri kulturalak dira gaur egun, eta funtsezko galderak pizten dituzte generoari, kontsumoari eta botereari buruz.