Arriskuan dauden espezie-kontzentrazio handienetakoa, Titicaca lakuan
Peru eta Bolivia artean dagoen Titicacak, munduko laku nabigagarririk altuenak, mehatxu larri bati aurre egin behar dio. Mehatxu horrek arriskuan jartzen ditu bere ekosistema eta bertan bizi diren espezie urtarrak, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak argitaratutako Zerrenda Gorri berriaren arabera.

Arriskuan dauden espezie-kontzentrazio handienak hiru lekutan daude munduan: Victoria aintziran, Tanzanian, Uganda eta Kenya arteko mugan (Afrikako handiena eta munduko ur gezako bigarren aintzirarik handiena); Titicaca lakuan eta Mendebaldeko Ghatsetan, Indiako hego-mendebaldean dagoen mendikate batean.
Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak argitaratutako txostenak ohartarazi du bereziki zer arrisku duten nekazaritzako eta basogintzako jarduerek eragindako kutsadurak, gehiegizko arrantzak, habitat naturalen suntsipenak eta espezie inbaditzaileen sartzeak. Kaltetuenak dira arrain, karramarro, ibai-karramarro, izkira eta ur gezako libelulen espezieak.
Aurkikuntzaren ondorioz, beste behin ere, kontserbazio-neurri espezifikoak aplikatu behar dira, ur gezako ekosistemak babesteko. Ekosistema horiek ezinbestekoak dira biodibertsitaterako eta haien mende dauden milioika pertsonarentzat, sostengu ekonomikoa izateko eta edateko ura eskuratzeko.
4.294 espezie galtzeko arriskuan
Uretako 23.000 espezie baino gehiago aztertu ondoren, ikerlanak ondorioztatu du gutxienez 4.294 espezie daudela galtzeko arriskuan.
Zientzialariek espero baino espezie mehatxatu gehiago ere aurkitu zituzten lurpeko ur-sistemetan, hala nola Ipar Amerikako ur gezako karramarroak.
Presak eraikitzea ere faktore kaltegarria izan da, bertakoak ez diren espezieak inbaditzearekin batera, Squalius palaciosi-ren desagertzea eragin baitu.
Arrain hori 2023ko Zerrenda Gorrian sartu zen. Zientzialarien ustetan, bere kasuak argi erakusten du gizakien esku-hartzeek, hala nola ur-ibilguak aldatzeak eta habitatetik kanpoko espezieak sartzeak, eragin suntsitzaileak izan ditzaketela espezie endemikoetan eta tokiko ekosistemetan.