Ekimenak Berlinen autorik gabeko hiriari buruz herri-kontsulta egitearen alde
Ekintzaile talde batek datorren urtean herri galdeketa bat antolatu nahi du Berlinen, hiriaren erdialdean ibilgailu pribatuen erabilera debekatzeko aukerari buruz, auzitegi batek bide librea eman ostean, nahiz eta agintariak aurka egon.

Datozen lau hilabeteetan, aurkeztutako lege-proiektuari buruz eztabaidatuko du Berlingo Estatuko Ordezkarien Etxeak, eta, ondoren, sinadurak biltzeko bigarren faseari ekingo dio, 2026an herri-kontsulta antolatzeko helburuarekin. Gutxienez, 175.000 sinadura behar dira, taldeak bere webgunean jakitera eman duenez.
«Mundu osoan metropoliak aspalditik saiatzen ari dira kaleak zaintzen, bertan bizitzeko hiri duinagoak izateko: Paristik Bogotara, pertsonek espazio publikoa berreskuratu nahi dute. Baina Berlingo Gobernua atzeraka egiten ari da garraio politikan», salatu zuten.
Neurri baztertzailea
Kai Wegner Berlingo alkate kontserbadoreak azaldu duenez, herritarrek libre izan behar dute joan-etorriak egiteko modua aukeratzeko, eta horiek guztiak eskuragarri egon behar dira. «Autorik gabeko Berlin bat baztertzailea litzateke eta ez dator bat metropoli batekin. Nirekin, behintzat, ez da lortuko», esan zuen.
Berlingo auzitegi nagusiak esan du erreferenduma egitea legezkoa izango litzatekeela, eta Berlingo Senatuaren eskadera atzera bota du. Gobernuak argudiatzen zuen auto partikularren debeku batek herritarren askatasuna eta Estatu zentralaren eskumenak urratuko lituzkeela.
Ekimenaren helburua da ibilgailu partikular guztiak debekatzea «eraztuna» eremuan; hau da, S41 eta S42 lineen ibilbide zirkularrak markatutako Berlingo erdialdean.
Taxiek sarbidea izango lukete, eta Berlingo herritar guztiek, gainera, urtean 12 egunetan eskatu ahal izango lukete txartel berezi bat, adibidez, etxez aldatzeko edo objektu astunak mugitzeko.