Bidaiari

Brooklyngo Lorategi Botanikoko bonsaien bildumak ehun urte bete ditu

Brooklyngo Lorategi Botanikoak (BBG) bere bonsai bildumaren mendeurrena –Japoniatik kanpoko zaharrenetakoa eta handienetakoa– ospatzen ari da. Horretarako, erakusketa berezi bat antolatu du.

Brooklyngo Lorategi Botanikoa.
Brooklyngo Lorategi Botanikoa. (Getty Images)

Museoaren helburua da bisitariek ale horiek urtaroekin batera aldatzen ikustea –erakusketa urriaren 19ra arte egongo da zabalik–, eta nabaritzea nola fruituek eta loreek zuhaitz normal baten tamaina estandarra mantentzen duten, enborrak, adarrak, sustraiak eta zuloak txikiak izan arren.

«Udan, zuhaitz askok fruituak emango dituzte. Hainbat fruitu mota ditugu: zitrikoak, marrubiak, pinaburuak», azaldu du David Castrok, bonsaien lorezainak.

Halaber, esan du urtarorik politenetako bat udazkena dela, zuhaitz ñimiñoen hostoak kolorez aldatzen direnean, astigar japoniarraren kasuan bezala, hilabete batzuen buruan berde izatetik gorri izatera pasatzen direlako.

Bonsaiek forma triangeluarrak izan ohi dituzte, eta harriak edo arrokak besarkatzen dituztenean, eskultura bihurtzen dira. Lorazainen lan zorrotzarekin egiten da hori, sustraiek harkaitza estutzea lortzen dutelako, harria zuhaitzaren enborrarekin mimetizatzeraino.

Castroren lana da BBGk bere ganberan dituen 400 aleak etengabe inaustea. Batzuetan eskuekin egiten du, baina askotan alanbrea erabiltzen du zuhaitzak moldatzeko. «Hortzetako aparatu batek bezala funtzionatzen du», azaldu du.

Baso txiki bat

Ikusgai dauden bonsai gehienak negutegi batean daude, baina bildumaren mendeurrena ospatzeko, BBGk hasierako hainbat ale atera ditu lorategietara. Bilduma 16 alerekin hasi zen; horietatik hiru bizirik diraute.

Horrela, bisitariek zuhaitz bera ikus dezakete bere tamaina naturalean eta miniaturan; izan ere, ia edozein zuhaitz bihur daiteke bonsai inausketa zorrotz batekin.

Deigarrienetako bat egunsentiko sekuoia bat da, baso ñimiño bat irudikatzen duena. Hori lortzen da bonsaia etzanda dagoelako eta lurretik bertikalean ateratzen dena haren adarrak direlako.

Castroren esanetan, bonsai baten habitat naturala kanpoaldea da, zuhaitzak baitira. Horregatik hiltzen dira etxe barruan daudenean.