Barandiaran Museoan, Joxemiel gogoan
«Barandiaran Museoa bisitatzea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako». Izan ere, Ataungo museoak Joxemielen ekarpen garrantzitsuari eta haren bizitzari buruzko ikuspegi zabala eta sakona eskaintzen du.

Gipuzkoako Diputazioko Natura sailak Barandiaran Museoa ezagutzera animatzen du bere webgunetik. Lehenik, non dagoen azaltzen du eta lekuaren historia kontatzen du: «Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago».
Museoa bi solairutan banatuta dago. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan, berriz, arkeologia eta etnografia alorrean etnografoak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez.
Errotatxoa
Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.
Ondoren, gipuzkoanaturako webguneak Barandiaranen bizitza kontatzen du: «Joxe Migel Barandiaran Aierbe 1889an Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta 1991n hil jaioterrian bertan, gerraostean, erbestetik itzuli zenean, eraikitako Sara Etxean hain zuzen. XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan lan garrantzitsuak egin zituen. Barandiaran Museoan ekarpen horren garrantzia azpimarratzen da eta bisitariek haren bizitzari eta lanari buruzko ikuspegi zabala eta sakona izan dezaten ahalegina egiten».
Gainera, Ataunen eta Aralarko Natura Parkean barrena egin daitezkeen ibilbideei buruzko azalpenen bila urte osoan zehar gerturatzen diren bisitariarentzako informazio puntu ere bihurtu da museoa. Lan hau Lizarrustiko Parketxearekin batera egiten da, bi guneek Aralarko Parketxe Hedatua osatzen baitute.
Hezkuntza Programa
Adin askotako pertsonentzat atondua dago Barandiaran Museoko hezkuntza eskaintza; guztientzat egokitutako bisitak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak: mitologia, arkeologia, etnografia, euskal kultura…
Bestalde, bisita gidatuak eskaintzeaz gain, hamaika jarduera antolatzen dira, euskal kulturarekin zerikusia dutenak: Mitoaldia, mitologia-tailerrak, ibilaldi mitologikoak, talo ikastaroak…
Horrez gain, natura parkeko sarea osatzen duten ibilbideen bitartez, inguruko ondare natural eta kulturala ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Mota guztietako bisitariei egokitutako irteerak dira, norberak bere gogo eta beharren arabera aukera ditzakeenak.
Non dago museoa? Ataungo San Gregorio auzoan, Larruntza errotan, hain zuzen ere. Udaletxea dagoen San Martin auzotik 3 bat kilometrotara.