Egiptok azaroaren 1a ezarri du Museo Handia irekitzeko data berri gisa
Egiptoko Gobernuak esan du azaroaren 1ean zabalduko dela, azkenik, Egiptoko Museo Handia (GEM). Uztailaren 3rako aurreikusitako inaugurazioa atzeratu egin zuten, Israel eta Iranen arteko gatazkaren ondorioz.

Egiptoko lehen ministro Mustafa Madbulik Kabinetearen bilera batean esan zuenez, Abdelfatah al Sisi presidenteak onartu egin zuen fetxa bat –Azaroak 1– museoa erabat zabaltzeko. Horretarako, Madbulik eskatu zien agintari eskudunei «GEM eta inguruak erabat prest egongo direla bermatzeko prestaketak abiada bizian amaitu dezatela», museoaren inaugurazioa «ekitaldi entzutetsua izan dadin».
«Egiptoko Museo Handiaren inaugurazioa prestatzen ari dira, ekitaldi aparta izan dadin, Egiptoko historia modernoarekin lotutako ekitaldi nazional ospetsuen zerrenda luze batekin batera», esan zuen gobernuburuak. Irekiera ekitaldiak «herrialde askoren presentzia ofizial bikaina» izango duela gaineratu zuen.
Era berean, aurreratu zuen inaugurazioarekin batera, «Egiptoko zibilizazioaren ondarearen handitasuna» nabarmenduko duten «hainbat ekitaldi paralelo» izango direla, «kapitulu ezberdinekin». Planeta osoko museorik handienetakoa izango denak mundu osoko bisitariak erakartzea izango da helburua.
Hainbat atzerapen
2002an Hosni Mubarak presidentearen agindupean eraikitzen hasi zenetik, GEMaren irekiera gutxienez bi aldiz atzeratu da Egiptoko agintariek 2022an inauguratuko zela iragarri zutenetik. Asmoa zen Tutankamonen hilobiaren bigarren mendeurrenarekin eta hieroglifikoen deszifratzearen mendeurrenarekin batera zabaltzea.
Hala ere, herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoak, iraultzek eta Ekialde Ertaineko protestek atzeratu egin dute ekitaldia, baita pandemiak ere. Ezarritako azken data uztailaren 3a izan zen, baina ekainaren erdialdera Egiptoko Gobernuak inaugurazioa atzeratu zuen urtearen amaierara arte, eskualdeko tentsioengatik eta Israelen eta Iranen arteko drone- eta misil-erasoen trukeengatik.
Orain arte museoko areto batzuk baino ezin dira bisitatu, baina inaugurazio ofizialaren ondoren, bisitariek instalazio osoa ikusi izango dute. Batzuk diote ‘Laugarren piramidea’ dela, Gizako hiru piramideengandik gertu dagoelako.
Museoak zibilizazio faraonikoaren etapa ezberdinak erakusten dituzten 57.000 objektu baino gehiago ditu eta aurreikusten da egunero 15.000 pertsona hartuko dituela.