Tailandiak atzerritarren kriptomonetak onartuko ditu turismoa sustatzeko
Thailandiako Gobernuak iragarri du onartu egingo duela, hasiera batean 18 hilabetez, atzerriko bisitariek kriptomonetak tokiko moneta bihurtzea, nazioarteko bisitarien kopurua sustatzea helburu duen plan pilotu gisa, azken hilabeteetan murriztu egin baita.

Thailandiako Finantza Ministerioak azaldu duenez, proba Burtsa eta Baloreen Batzordearen, Diru zuriketaren aurkako Bulegoaren eta Turismo eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin egingo da, hasiera-data zehaztu gabe.
Asmoa da nazioarteko turistek «aktibo digitalak bats bihurtzea (tokiko moneta) modu eroso eta seguruan, Thailandiako dendetan ondasunak eta zerbitzuak ordaintzeko». Prozesua Thailandiako Bankuak gainbegiratuko omen du.
«Sektorearen panorama aldakorraren eragina da, turista modernoak jokabide digitalak hartzen ari direlako: bidaiak planifikatzeko teknologiaren erabilera, ordainketa elektronikoak eta aktibo digitalak, esaterako», azpimarratu dute.
Arau zorrotzak
Gobernuak aurreratu duenez, 18 hilabeteko probaren ondoren, proiektuaren eraginkortasuna aztertuko du, «esparru arautzaile zorrotz» baten barruan hurrengo urratsak zehazteko. Helburua da kapitalen zuritzea saihestea.
Nazioarteko bisitariek herrialdean «errazago gastatu» ahal izatea nahi du Thailandiak, eta horrek «turismo-industriaren lehiakortasuna modernizatzea ekarriko du eta baita atzerriko inbertsioa eskualdera erakartzeko aukerak sortu ere».
Gobernuak argi utzi du planak ez duela aurreikusten saltokietan kriptomonekin ordaindu ahal izatea; aitzitik, horiek tokiko moneta bihurtu ahal izango dira proba pilotuan zehar horretarako zehaztutako espazioetan.
Bloombergen arabera, plana urteko azken hiruhilekoan sartuko da indarrean, eta hilean gehienez 500.000 bats (15.399 dolar estatubatuar) bihurtzea ahalbidetuko du.
Nazioarteko 20,1 milioi turista baino gehiagok bisitatu zuten Thailandia 2025eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 10era, Turismo eta Kirol Ministerioaren datuen arabera.
Asiako hego-ekialdeko herrialdeak, aurten atzerriko 40 milioi bisitari inguru jasotzea espero zuenak, 33 milioira jaitsi du bere aurreikuspena.