Bidaiari

I. Basotik Txirrindulari Festa, Gipuzkoako basoen balioa herritarrengana hurbiltzeko

Basotik Txirrindulari Festaren lehen edizioa izango da urriaren 25ean Deban. Ekimenak Gipuzkoako basoen balioa bizikletaren bidez herritarrengana hurbiltzea du helburu.

Lehen edizioko kartela.
Lehen edizioko kartela. (Basotik fundazioa.)

Deban izango da urriaren 25ean Basotik Txirrindulari Festaren lehen edizioa, natura eta komunitatea batzen dituen festa txirrindulari herrikoia.

BSTK Basotik Fundazioak antolatu du ekimena, Gipuzkoako basoen balioa herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Antolatzaileen hitzetan, asmoa da «basoak ezagutzera ematea eta maitatzea, gure ingurune naturalarekin harreman osasungarria sustatuz, kasu honetan Gipuzkoan errotuta dagoen kirol baten bidez: txirrindularitza»
«Basoen kudeaketa jasangarriaz eta elkarlanaz hitz egiten dugunean, ez gara basoen kudeaketaz soilik ari, gure basoen zaintzaz baizik. Eta zaintza hori ez dagokio soilik erakunde bati, gizarte osoari baizik. Horregatik, lehenengo Basotik Txirrindulari Festaren bidez, baita aurrera eramango ditugun beste hedapen ekimen batzuen bidez ere, gipuzkoarrek gure baso ondarea ezagut, maita, zaindu eta errespeta dezaten bilatzen dugu», azaldu dute.

«Gure basoak eta txirrindularitza lotuko dituen jaieguna da», adierazi dute. «Basoak ez dira aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezinbesteko ondare naturala soilik, gizarte osoaren altxorra baizik, eta Deban ospatuko dugun jai honetan altxor horretaz gozatzeko aukera izango dugu».

Lehen ediziorako honako egitarau hau prestatu dute antolatzaileek:


Egitaraua:

8:30 – Dorsal banaketa I. Basotik Zikloturista Martxarako.
9:00 – Zikloturista Martxaren irteera (89 km).
11:00 – Txirrindulari Txiki Festa:
Bizikleta irteera (4 km).
Ginkana.
13:00-13:30 – Basotik Zikloturista Martxaren helmuga eta finisher poltsen banaketa (Debako Kioskoa).13:00-14:30 – Pintxoak (parrilladarekin) parte-hartzaile guztientzat.