Bidaiari

Kenyako Masai Mara, Errekorren Munduko Liburuan ‘Migrazio Handia’ ospetsuagatik

Kenyako Masai Mara erreserba naturala Errekorren Munduko Liburuan (World Book of Records) sartu dute ofizialki, milioi bat animalia basati baino gehiagoren migrazio ikusgarria gertatzen delako urtero, Kenyako Gobernuak jakitera eman duenez.

Naturak munduan eskaintzen duen ikuskizunik handienetakoa da ‘Migrazio Handia’.
Naturak munduan eskaintzen duen ikuskizunik handienetakoa da ‘Migrazio Handia’. (André Gilden | Getty Images)

«Aintzatespen hau mugarri historikoa da Kenyako turismoaren eta kontserbazioaren sektorearentzat, eta harrotasun handiko unea gure nazioarentzat», adierazi zuen Rebecca Miano Turismo eta Bizitza Basatiko ministro kenyarrak X. sare sozialean.

Mianok Errekorren Munduko Liburuaren presidente Santosh Shuklaren gutun bat argitaratu zuen. Erresuma Batuan egoitza duen erakundea da, mundu osoan ezohiko errekorrak katalogatu eta egiaztatzen dituena.

«Atsegin handiz jakinarazten dizuegu Mara Masaiaren Erreserba Nazionala ofizialki sartu dela Errekorren Munduko Liburuan, ‘Munduko lurreko faunaren urteko migrazio handiena’ izenburuarekin, planetako lurreko animalien urteko migrazio handiena eta ikusgarriena hartzeagatik», adierazi zuen Shuklak Narok konderriko Patrick Ole Ntutu gobernadoreari (erreserba hartzen duena) zuzendutako gutunean.

Harrotasuna

Sare sozial berean, Ole Ntutik adierazi zuen aitortza «harrotasun une bat» dela Kenyarentzat. «Pozarren ospatzen dugu eta gonbidapen bero bat luzatzen diogu munduari: etor zaitezte eta ikus ezazue naturaren mirari hau gurekin. Bisita ezazue Masai Mara, non urrats bakoitza bizitzaren erresilientziaren testigantza den», esan zuen gobernadoreak.

‘Migrazio Handia’ deritzona, naturak munduan duen ikuskizunik handienetakotzat jotzen dena, Serengueti parkeko (Tanzania) lautaden artean gertatzen da urtero, ipar-mendebalderantz, Kenyako Masai Mara erreserbarantz.

Milioi bat ñu baino gehiago eta ehunka mila zebra eta antilope ibiltzen dira, besteak beste, larre bila, uztailetik irailera (bidaiaren garai gorena) erreserba bete ohi duten turisten gozamenerako.