Bilbo, «aire zabaleko museo» bihurtuta, emakume artisten eskutik
‘BBK Museo Hiria 2025. Emakumeak sortzaile. Ellas firman’ ekimenak garai ezberdinetako emakume artistak omenduko ditu Bilbon aire zabaleko dozena bat espaziotan, non beren piezak formatu handiko led pantailetan erakutsiko diren, emakumeek idatzi eta interpretatutako konposizioek lagunduta.

Urriaren 9, 10 eta 11n izango da ‘BBK Museo Hiria 2025. Emakumeak sortzaile. Ellas firman’ egitasmoa, BBK Banku Fundazioaren hamargarren urteurrenaren barruan. Kultura herritarrengana hurbiltzea du helburu, Bizkaiko hiriburuko aire zabaleko toki ezberdinetan.
Erakusketaren bidez, BBK-k «aire zabaleko museo» bihurtu nahi du Bilbo, artearen historiako emakumeak omenduz, beren «talentua eta ekarpen erabakigarriak izan arren, mendeetan zehar ikusezin bihurtu edo merezi zuten aintzatespenik gabe utzi baitzituzten».
Ildo horretan, aurkezpen ekitaldian antolatzaileek gogorarazi dutenez, ekimen artistikoek gero eta publiko gehiago duten arren, emakumeek arlo horretan egiten duten lana «ez da oso ezaguna», eta, artearen munduan emakumeei buruz hitz egitean, Frida Kahlo bezalako figurak sortzen dira, baina «ez gara ezer gehiago esateko gai. Horregatik, kulturaren zabalkundean eta berdintasunaren alde egiten dugun lanaren barruan, garrantzitsua iruditu zaigu artearen munduan, plastikan zein musikan oso obra garrantzitsuak garatu dituzten emakumeen lanari balioa ematea».
Errenazimentutik hasi eta gaur egunera arteko 12 artelan unibertsal bilduko ditu erakusketak, beste horrenbeste artistenak. Honako hauek izango dira, besteak beste, ikusgai: Menchu Galen ‘Zumaiaka Portua’ BBK Salan; Maruja Malloren ‘Emakume ahuntzarekin’ Foru Aldundian; Maria Blancharden ‘Natura hila’ Bizkaia plazan; Artemisia Gentileschiren ‘San Joan Bataiatzailearen jaiotz’ Indautxu plazan; eta Clara Peetersen ‘Natura hila gazta, ogi eta edateko tresnekin’ Ercilla kalean.
Era berean, Tamara de Lempickaren ‘Autorretratua’ Zubizurin izango da ikusgai; Lavinia Fontanaren ‘Constanza Alidosiren erretratua’ Pio Baroja plazan; Mary Cassatten ‘Emakumea eserita haurra besoetan duela’ Albiako lorategian; Georgia O'Keefferen ‘Jimson Weed’ Areatzako parkean; Frida Kahloren ‘Bi Fridak’ Arriaga plazan; Rosa Bonheurren ‘Ehizarako bilera’ Erriberako merkatuan; eta Sofonisba Anguissolaren ‘Xake partida’ Santos Juanes plazan.
Led pantailetan
Artelan bakoitza formatu handiko led pantailetan erakutsiko da (3x3 metro), eta, definizio handiko teknologiari eta Marcos Canok egindako aluminiozko markoei esker, «publikoak ibilbide bisual zehatza eta inguratzailea egin ahal izango du obra bakoitzean».
Gainera, koadro bakoitzak emakumeek idatzitako eta interpretatutako konposizio bat izango du, ESAS kolektiboak hautatuak; kulturaren eta musikaren eremuan emakumeen ikusgarritasunarekin konprometitutako profesionalen sare bat da ESAS.