Bidaiari

BBK Mendi Martxak, basoen berreskurapenean zuzenean parte hartzeko aukera

Iazko edizioaren arrakastaren ondoren, ‘BBK Mendi Martxak’ ingurumen erronka egingo da berriz Busturiko BBK Kliman, urriaren 11n, BBK Fundazioak eta ingurumen sentsibilizazioan zein baso autoktonoen berreskurapenean diharduen Lurgaia Fundazioak antolatuta

Iazko edizioako irudia.
Iazko edizioako irudia. (bbk.eus)

BBK Mendi Martxak Erronkaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Mape edo Amunategi ibaiaren haranean Lurgaia Fundazioak kudeatzen dituen lursailetan 300 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzea izango da jardueraren ardatza. Parte hartzaileek eskualdeko basoen berreskurapenean zuzenean parte hartzeko aukera izango dute.

Era berean, arratsaldean, 15:00etan, Ortutik Ahora catering elkarteak showcooking agroekologiko bat egingo du, tokiko baratzeko produktuekin errezeta sortzaileak prestatzen eta elikagaien xahuketa saihesten irakasteko.

Gainera, 16:30etik 18:30era bost jarduera izango dira espazioaren hainbat gunetan, txandaka antolatutako dinamiken bidez, parte hartzaile guztiek jardueretan parte hartu ahal izan dezaten.

‘Robot salvaje’

Bestalde, 19:30ean, ‘Robot salvaje’ animaziozko filma proiektatuko da BBK Kliman, ‘Udazkeneko Zinema’ programazioaren baitan, «zinemaren magia herritarrei hurbiltzeko jasangarritasunarekin konprometitutako ingurune paregabe batean».

Abentura, samurtasuna eta teknologia eta naturaren arteko harremanari buruzko hausnarketa uztartzen dituen istorioa kontatzen du filmak. Publiko guztientzat egokia den arren, bereziki haurrei zuzenduta dago, eta adiskidetasuna, ingurumenarekiko errespetua eta elkarbizitza bezalako balioei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du. Sarrerak eskuragarri daude (2 euro).