Bilbobusen autobus turistikoak ia 28.000 bidaiari izan ditu udan, iaz baino 4.980 gehiago
Bilbao City View Bilbobusen autobus turistikoaren zerbitzuak 27.848 erabiltzaile izan ditu aurtengo udan, ekainetik irailera bitartean, 2024ko aldi berean baino 4.980 bidaiari gehiago. 2019ko abuztuan abian jarri zenetik, 135.860 erabiltzaile izan ditu udako hiletan, eta, guztira, 200.000 bidaiari baino gehiago garraiatu ditu zerbitzua hasi zenetik.

Bilboko udal ordezkariek jakinarazi dutenez, kopuru horiek erakusten dute hiriko garraio publikoko mugikortasuna «osasuntsu» dagoela, «baita Bilbok eskaintzen duen turismo eskaintza aberatsa handitzeaz ari garenean ere». «Aukera ona da bisitarientzat zein bilbotarrentzat gure hiriko txoko zoragarriak beste ikuspegi batetik ikusteko», gogorarazi dute.
Autobusa Guggenheim museoko zabalgunetik abiatzen da urritik maiatzera eta 55 minutuko ibilbidea egiten du, 11 geralekurekin; autobus bakarra dago. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, aldiz, bi ibilgailu daude eta ordu erdian behin ateratzen dira 10:30etik 19:30era bitartean.
Tarifa bereziak
Autobus turistikoan nahi adina bidaia egin daitezke egunean zehar, eta nahi adina aldiz jaitsi eta igo daitezke erabiltzaileak ezarritako geralekuetan. Bidaiak 16 euroko prezioa du; Bilbon bizi direnentzat tarifa berezi bat dago, 10 eurokoa, eta gazteentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako ere deskontuak daude; 6 urtetik beherakoentzat doakoa da.
Bilbao City View autobusak bi solairu ditu: goialdea panoramikoa eta estali gabea da, eserleku ergonomikoak ditu, sartzeko arrapala eta gurpil aulkirako espazioa, eta aurrez grabatutako audiogida bat ere eskaintzen du 16 hizkuntzatan.
Irisgarritasuna hobetzeko tresnak ere txertatu dira, hala nola bukle magnetikoak, Svisual (gorrentzako interpretazio-bideoa), Map's Voice (web zerbitzu inklusiboa, pertsona guztiei zerbitzuari eta ibilbideari buruzko informazio garrantzitsua eta zabala emateko aukera ematen duena) eta irakurketa errazeko informazioa.
Gainera, ikasgela busa programa dago martxan ikasturtean zehar Bilboko ikastetxe eta hezkuntza bereziko zentroetarako jarduera gisa. Programa horretan autobus turistikoa erabiltzen da, instalazioak bisitatzen dira eta Bilbobusen funtzionamendua eta nola erabili irakasten zaie. Irabazi asmorik gabeko erakundeekin ere egiten dira kolaborazioak, desgaitasuna duten pertsonei egokituta, erabil ditzaten.