Bidaiari

Bilboko zenbait auzo, antzerkizaleen topaleku berriz ere BAD jaialdiari esker

Bilboko zenbait kultur areto antzerkizaleen topaleku bilakatuko da, urtero bezala, BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiari esker. Guztira, 17 talderen emanaldiak eskainiko ditu hamar egunez, urriaren 16tik 26ra.

Guztira, 17 taldek hartuko dute parte aurten.
Guztira, 17 taldek hartuko dute parte aurten. (BAD jaialdia)

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren 27. edizioa hasiko da  urriaren 16an. Guztira, 17 talderen emanaldiak eskainiko ditu La Fundicion, Harrobia, Bilborock eta Campos Antzokiko Kupula aretoetan eta San Frantziskoko udaltegian hilaren 26ra arte.

Jaialdian izango diren taldeen artean, bederatzi Euskal Herrikoak dira: Formol Laborategia, Nazario Diaz, Cielo Raso, Perpetûa Vastarda, Laura Penagos, Ibon Salvador, Carla Roisin & Baseline, Hika Teatroa eta Barritza Elkartea. «Horrela, jaialdiak berriz ere tokiko talentua ospatu eta babestearen aldeko apustu sendoa egin du», nabarmendu dute antolatzaileek.

Formol Laborategia konpainiak Harrobian taularatuko duen ‘Heriotzak Eduardo du izena’ lanarekin hasiko da 27. BAD Bilbao jaialdia urriaren 16an, 19:00etan. Lehen aldiz aurkeztuko den poesia ez-errezitaldi bat da.

Jaialdiaren aurtengo edizioan izango diren gainerako konpainiei dagokienez, sei espainiarrak dira eta beste biak dira Brice Noeser koreografo kanadarra eta Julián Pacomio artista portugaldarra.

Sarrerak

Emanaldi bakoitzerako sarrerak 8 euroan daude salgai ostegunera arte, eta egun horretatik aurrera 10 euroan, jaialdiaren webgunean zein La Fundicion eta Campos Eliseos antzokien webguneetan eta leihatiletan. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan ere erosi ahalko dira sarrerak lehiatilan 10 euroren truke.

Bestalde, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak ‘La transición profesional en la danza’ izeneko jardunaldi profesionala eskainiko du urriaren 24an, BAD Bilbao jaialdirekin lankidetzan, San Frantziskoko udaltegian, 09:00etatik 13:30era eta 16:30etik 18:30era.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundutako doako jardunaldia da eta izena emateko epea urriaren 21era arte dago zabalik, info@addedantza.org helbide elektronikora mezua bidalita.