Araba, Bizkai eta Gipuzkoako apartamentuek 98.000tik gora sarrera izan dituzte udan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako apartamentu turistikoek 98.494 sarrera erregistratu dituzte udako hiru hilabeteetan (uztaila, abuztuaa eta iraila), hau da, aurreko udan baino %26,2 gehiago. Sarrera horiek 279.588 ostatu gau eragin dituzte, 2024ko udan baino %15,2 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

EAEko herrialdeen mailan, Bizkaian sarreretan izandako %33,8ko eta ostatu gauetan izandako %20,4ko igoerak nabarmentzen dira. Gipuzkoan %18,6ko eta %11,9ko gehikuntza izan dira, hurrenez hurren, eta, azkenik, Araban sarrerak %19,0 jaitsi dira eta ostatu gauak, berriz, %5,9 igo.
Batez besteko egonaldia 2,84 egunekoa izan da apartamentu turistikoetan 2025eko udako hiru hilabeteak kontuan hartuta, eta joan den urteko aldi berean 3,11 egunekoa izan zen.
Plazen okupazio maila %50,1ekoa izan da, 2024koarekin alderatuta %1,2 puntuko jaitsiera izan ondoren; apartamentuen kasuan %82,2koa izan da, eta urte arteko datuetan %10,8ko igoera izan da, beraz.
Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aterpetxe turistikoetako sarrerak 99.842 izan dira udan, eta ostatu gauak 185.211. Aurreko urteko udako datuekin alderatuz gero, sarreren kasuan igoera %3,4koa izan da, eta ostatu gauen kasuan %6,0koa.
Landetxeetako ostatu gauak
Bestalde, landetxeetako ostatu gauak %4,0 igo dira aurreko urteko udarekin alderatuta, eta sarrerak %2,3 igo dira, uztail, abuztu eta irailean 220.937 eta 68.757 erregistratu ondoren, hurrenez hurren.
Herrialdeen arabera banatuta, ostatu gauak %0,8 igo dira Gipuzkoan, %2,6 Bizkaian eta %18,7 Araban. Orobat, sarrerek %13,9 egin dute gora Araban, eta %4,9 Bizkaian; Gipuzkoan, aldiz, %3,0 egin dute behera 2024ko udako hilabeteetakoekin alderatuta.
Batez besteko egonaldia 3,21 egunekoa izan da EAEko landetxeetan, 2024ko udako 3,16 eguneko batez besteko egonaldia zertxobait gaindituz. Gipuzkoako batez besteko 3,51 eguneko egonaldia nabarmendu da; Bizkaian 2,98 egunekoa izan da, eta Araban 2,85 egunekoa.
Mota horretako ostatuetako plazen araberako okupazio maila %52,0koa izan da EAE osoan, eta gelen araberakoa %58,0koa; horrek adierazten du plazen kasuan %2,1 egin duela onera, eta gelen kasuan, berriz, %2,2.