Bidaiari

Burdinbidearen Museoak denboraldia bukatuko du bost irteera eskainiz

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak bukatutzat emango du aurtengo denboraldia datozen bi asteburuetan egingo dituen irteerekin. Bertaratzen direnek aukera izango dute Europako tren bildumarik onenetakoa ikusteko.

Bagoi baten barnealdea.
Bagoi baten barnealdea. (Lander Fdz. Arroiabe | FOKU)

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen denboraldiko azken bost zerbitzuak eskainiko ditu, museoaren Azpeitiako instalazioetatik Lasaora, urriaren azken asteburuan eta azaroko lehenengoan.

Zehazkiago, Euskotrenek jakinarazi duenez, urriaren 25ean, 12:00etan eta 17:30ean irtengo dira trenak, eta igandean, urriaren 26an, 12:00etan. Era berean, azaroaren 1ean eta 2an irteera bana izango dira 12:00etan, denboraldia bukatuz.

Tren bilduma

Urtero bezala, azken irteera hauekin bukatutzat emango du museoak aurtengo denboraldia. Jakina da milaka lagunek hartzen dutela parte museoak antolatutako jardueretan, batez ere uda partean. Bisitari asko izaten ditu, bai Euskal Herriko beste herri eta hirietakoak, bai kanpotik etorritakoak.

Ibilbideak antolatzeaz gain, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du, mota guztietako ibilgailuekin, hala nola lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Gainera, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetako bat dauka Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez. Halaber, XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren-erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik lanegunetan (asteartetik ostiralera), 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik).