Bidaiari

‘National Geographic’ aldizkariak Euskal Herria sartu du ‘Best of the World’ zerrendan

‘National Geographic’ aldizkariak 2026rako 25 bidaia esperientziarik esanguratsuenak eta erakargarrienak biltzen dituen ‘Best of the World’ zerrendan Euskal Herria sartu du. Nabarmendu du datorren urtean «bisitatzeko ezinbesteko 25 helmugetako» gisa, Gasteizko Gobernuak jakinarazi duenez.

Guggenheim argazkia aukeratu du National Geographic-ek ‘Best of the World’ zerrendarako.
Guggenheim argazkia aukeratu du National Geographic-ek ‘Best of the World’ zerrendarako. (Nataliia Milko | Getty Images)

‘Best of the world’ zerrenda 'National Geographic'-eko eta  ‘National Geographic Traveller’-eko mundu mailako erredakzio taldeek osatzen dute. Naturarekin, kulturarekin eta tokiko komunitateekin lotura sakona sustatzen duten bidaia esperientziak nabarmentzen ditu.

Azken zerrendan, Gasteizko Gobernuak jakinarazi duenez, Euskal Herria sartu dute eta datorren urtean «bisitatzeko ezinbesteko 25 helmugetako» gisa aipatu dute.

Jaurlaritzaren arabera, «Euskadi zerrenda horretan sartzeak indartu egiten du nazioartean erreferentziazko turismo helmuga gisa duen posizioa, gure kultura aberastasunari, paisaia paregabeei, mundu mailako gastronomiari eta jasangarritasun konpromisoari esker».

Bidaiariak inspiratzeko diseinatua

‘Best of the World 2026’ hautaketa bidaiariak inspiratzeko diseinatua dago, denentzako iradokizunak barne hartuz: familiak, foodiak, animaliak maite dituztenak, abenturazaleak eta gehiago.

Ildo horretan, esploratzaile adituentzat zein lehen abentura esanguratsuen bila dabiltzanentzat «proposamen ezin hobe» gisa aurkezten du zerrendak Euskal Herria.

Zerrenda osoa eskuragarri dago ‘Best of the World 2026 National Geographic’ webgunean, non irakurleek helmuga bakoitzen inguruko argazkiak eta erreportajeak topatuko dituzten.