Bisita gidatuak izango dira azaroan eta abenduan Kexaako monumentu multzoan
Azaroan eta abenduan herritarrek «aukera paregabea» izango dute Kexaako monumentu multzoa bisitatzeko, Arabako Foru Aldundiko Museoen Sareak udazkeneko programazio berezia jarriko baitu martxan, lurraldeko «ondare garrantzitsuenetakoa» den multzo historikoan bisita gidatuak eskainiz.

Arabako Foru Aldundiko Museoen Sareak udazkeneko programazio berezia martxan jartzen duenean, Kexaako monumentu multzoa ezagutzeko aukera izango du nahi duenak, azaroan eta abenduan bisita gidatuak egingo baitira.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, bisiten ibilbidean, erdiko patiora sartzeko arkupea, Ayalatarren hileta kapera, Aiala Kantzilerrak eraikitako dorrea eta moja domingotarren monasterioko hainbat gela ikusi ahal izango dira. Halaber, parte hartzaileei aukera emango zaie klausurako bizitza komunitatearen alderdiak ezagutzeko.
Historia eta arkitektura
Ekimen horrekin, «lurraldeko kultura ondarea sustatzen» jarraitu nahi du Diputazioak, Kexaako monumentu multzoaren historia, arkitektura eta balioak ezagutzeko eta haietaz gozatzeko parada eskainiz.
Doako bisitak azaroaren 1, 2, 8, 9, 15, 16, 22, 23, 29 eta 30ean eta abenduaren 6, 7, 8, 13 eta 14an egingo dira, euskaraz edo gaztelaniaz. Ordubete inguruko iraupena izango dute, eta 12:00etan hasiko dira. Eguneko 30 pertsonako muga izango da (15 laguneko bi talde).
Beraz, interesa duenak aldez aurretik erreserba egin beharko du, 945 101 070 telefonora deituz edo mezu elektronikoa bidaliz reservas@kalearte.com helbidera.
Kexaako monumentu multzoa Aiaratar leinuaren egoitza eta alboko eraikinak izan ziren. Eraikinok multzo arkitektoniko bat osatzen dute, plazatxo forma duena eta eraikin nagusietarako sarbidea dena. Eraikin horien itxurari erreparatuz gero, bata bestearen jarraipen dira nahiz eta bakoitzak bere erabilera propioa eta ondokoaren independentea izan.