Bidaiari

Bisita musikatuak, Bizkaiko Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzen jarraituko du urtea bukatu arte, publiko guztientzako doako proposamen berriekin. Egitarauak barne hartzen ditu bisita musikatuak, zeinaren bidez leku enblematikoak ezagutu ahalko diren, hala nola beiratea, bilkura aretoa, ispiluen aretoa eta harrera aretoa, zuzeneko musika jotzen den bitartean.

‘Historiaren kutxa’.
‘Historiaren kutxa’. (Bizkaiko Diputazioa.)

Hainbat ekintza antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urte hasieratik Foru Jauregia eta bere historia herritarrei ezagutarazteko. Urteurrena amaitzeko, abendura bitartean doako esperientzia batzuk programatu dira, eraikina eta bere garrantzia ezagutu ahal izan daitezen formatu berritzaileen bidez.

Urriaren 27tik azaroaren 10era Foru Jauregiaren inguruan ibiltzen direnek murgiltze esperientzia batez gozatu ahalko dute kalean kokatutako ’Historiaren Kutxa’n. Proposamen horren barruan, herritarrek 18 metro lineal ibili ahalko dituzte jauregiaren barruan egongo balira bezala. 09:00etatik 19:00etara izango da.

Musikaz lagunduta

Halaber, azaroan eta abenduan publiko guztientzako bisita musikatuak egingo dira Foru Jauregira. Ordubetez, leku enblematikoak ezagutu ahalko dira, hala nola beiratea, bilkura aretoa, ispiluen aretoa eta harrera aretoa, zuzeneko musika jotzen den bitartean. Egunean hiru bisita egingo dira eta bakoitzean gehienez 60 lagunek parte hartuko dute.

Nabarmentzekoak dira Bilboko Koral Elkartearen emanaldia –Haurren Korua, Marion Desjacques harpalaria, Marta Ubieta sopranoa eta Koru Sinfonikoa barne–, azaroaren 15ean eta 22an, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarena (BOS), abenduaren 13an eta 20an. Azaroko kontzertuetarako aurretiazko inskripzioa azaroaren 3tik aurrera egin ahalko da bizkaia webgunean.

Azkenik, azaroaren 21etik 27ra, mapping argiekin egindako ikuskizun batek Foru Jauregiaren fatxada apainduko du eta «modu sortzaile eta irisgarrian kontatuko die Bizkaiko historia oinezkoei».