Bidaiari

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Barakaldo, zientziaren epizentro

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Barakaldo Euskal Herriko Unibertsitatearen 2025eko Zientzia Astearen eszenatoki izango dira, azaroaren 5etik 9ra. 200 jarduera inguru eskainiko dira, nibertsitatean ikerketan dihardutenekin zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta zientziaz hitz egiteko aukera eskainiz.

 

Zientzia Asteak 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu.
Zientzia Asteak 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu. (Getty Images)

EHUk jakinarazi duenez, Bilboko (Bizkaia Aretoa), Donostiako (Tabakalera) eta Gasteizko (Bibat Museoa) egoitzetako tailer eta ibilbide didaktikoetan izena eman behar izan bada ere, gainerako jarduerak sarrera librekoak dira, aretoa bete arte.

Barakaldoko haur eta familientzako tailerretarako erreserbak urriaren 27tik aurrera egin ahal izango dira Barakaldoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, telefonoz (94 478 9552 eta 94 478 9485) eta udalerriko kultur etxeetan eta gizarte etxeetan.

2025eko Zientzia Astean, 40 txoko baino gehiago, 75 tailer, hamar ibilbide didaktiko, Zientzia Club ekimeneko 20 bakarrizketa zientifiko baino gehiago, zortzi erakusketa, 11 hitzaldi, sei ikuskizun, eta berrikuntza asko izango dira ‘Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde’ leloaren inguruan.

Parte hartzaileak «modu atsegin eta dibertigarrian» hurbildu ahal izango dira hainbat gairi buruzko azken ikerketa zientifikoetara, besteak beste, itsas jasangarritasun, adimen artifizial, robotika, auto elektriko, kimika, osasun eta astronomiaren inguruko alderdietara.

‘Oceanus Plasticus’ proiektua

Plastikoei eta ozeanoen kontserbazioari buruz hausnartzeko proposamenen artean, ‘Oceanus Plasticus’ proiektuaren inguruko jarduerak nabarmentzen dira. Erdi Aroko kartografian inspiratutako erakusketa, gaueko ikuskizun bisuala eta imajinatutako itsas hondo batean murgiltzeko esperientzia izango dira Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Horrez gain, Junk Kouture moda jasangarriaren nazioarteko lehiaketan finalista izan zen Lucia Revuelta gaztearen «esperientzia inspiratzailea» ezagutzeko aukera izango da. Hitzaldi-desfilean, diseinuari buruz hausnartuko du, jasangarritasuna sustatzeko tresna den aldetik. Bere ‘Miss Mares’ lana Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai azaroaren 5etik 8ra.

Zientzia Club ekimena

Era berean, Zientzia Club ekimeneko bakarrizketa ezagunei hainbat ikuskizun zientifiko gehituko zaizkie: umeek abentura kuantiko batez gozatu ahal izango dute Bilbon eta Gasteizen, eta Aytami Soto dibulgatzaile ezagunak magia eta kimika nahastuko ditu Donostian ‘Historiako aurkikuntzarik handiena’ saioan, 12 urtetik gorakoentzat.

Orobat, Global Innovation Day egunaren esparruan, berrikuntzari buruzko unibertsitate arteko eztabaida entzun eta ikusi ahal izango da. Eztabaida hori Innobasque berrikuntza agentziarekin batera antolatu da, eta EHUko ikasleek hartuko dute parte.

Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, derrigorrezko bigarren hezkuntzako (DBH) eta batxilergoko ikasleek txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte goizez aurten ere. Dagoeneko bete dira plaza gehienak urriaren 3an izen-emateak ireki zirenetik, eta 5.000 ikasle inguruk EHUko ikerketa lana ezagutzeko aukera izango dute, protagonistek kontatuta.

Azkenik, Argazki Geologikoen XVII. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago oraindik, eta DBHko eta batxilergoko ikasleek lurraren zientziekin lotutako irudiak bidal ditzakete azaroaren 2ra arte.