Bidaiari

‘Martiodako ostegunak’, biodibertsitatea eta natura ondarea ezagutzeko

Biodibertsitateari eta naturari buruzko dibulgazio hitzaldiak antolatu ditu Arabako Foru Aldundiak azarorako ‘Martiodako ostegunak’ izenburupean, Martiodako Fauna Berreskuratzeko Zentroaren 50. urteurrena dela eta.

Egitarauaren kartela.
Egitarauaren kartela. (Arabako Diputazioa.)

‘Martiodako ostegunak’ zikloaren helburua da «Arabako herritarrei gure fauna autoktonoa, mundu naturalaren bitxikeriak edo gure natura ondarea kontserbatzearen garrantzia helaraztea. Hitzaldi guztiek inguruko mundu naturala ezagutzen eta ulertzen lagunduko digute. Gainera, sentsibilizatu, kontzientzia sortu eta lurraldea osatzen duten ekosistemekin konektatuko gaituzte», Saray Zarate Ekonomiaren Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatuaren esanetan.

Hitzaldi guztiak azaroko ostegunetan izango dira, 19:00etan, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultura etxean, doan eta sarrera librearekin. Lehena, azaroaren 6koa, Jonathan Rubines biologo eta dibulgatzaileak eskainiko du, ‘Naturaren sare ikusezina’ izenburupean.

Azaroaren 13an, Joseba Carreras de Bergaretxe Martiodako zentroaren arduradunak ‘Martioda, 50 urteko historia eta istorioak’ hitzaldia eskainiko du, eta hilaren hilaren 20an, hegaztien migrazioa jorratuko du Juan Arizaga Biologiako doktore eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko zuzendariak bere hitzaldian.

Programazioa Elvia Gomez Troya arakatzaile eta naturistak itxiko du, azaroaren 27an. ‘Naturaren ahotsak’ hitzaldian, naturaren soinuek berarentzat zer esan nahi duten eta ingurune naturalarekin nola konektatzen uzten dioten azalduko du.

Martiodako zentroa

Martiodako Fauna Berreskuratzeko Zentroak 20.000 animalia baino gehiago hartu ditu irekita daraman mende erdian. Proiektua 1975ean hasi zen, eta aitzindaria izan zen Espainiako estatuan. Hasieran, penintsula osoko animaliak jasotzen zituen eta foru lurraldeetan eta autonomia erkidegoetan zentro gehiago sortu ahala, bere esku hartze eremua haiei lagatzen joan zen.

Lan klinikoa eta suspertze lana egiteaz gain, Arabako faunaren kudeaketan laguntzeko zentro gisa funtzionatzen du. Espezieen kontserbaziorako ikerketa eta jarraipen proiektuetan lankidetzan aritzen da eta haietan laguntzen du, nekropsiak egiten ditu animalien heriotza kausak identifikatzeko eta gaixotasunak edo mehatxuak prebenitzeko, eta ingurumen delituak ikertzen laguntzen du.

Bestalde, zentroaren lana funtsezkoa da basafaunatik etxeko aziendari edo pertsonei kutsa dakizkiekeen gaixotasunak edo infekzioak detektatzeko. Gainera, aktiboki parte hartzen du espezie exotiko inbaditzaileen kontrolean, bertako ekosistemak babesten laguntzeko.

Hasieran zentroa bisitetarako irekita bazegoen ere, gaur egun ezinezkoa da suspertzen ari diren animaliei estres handiagorik ez sortzeko eta haien segurtasuna bermatzeko. Ingurumen hezkuntzako jarduerak egiten ditu ikastetxeetan eta elkarteetan, zentroaren eginkizunak ezagutarazteko, naturarekiko errespetua eta jardunbide egokiak sustatzeko eta gizakien eta animalien arteko bizikidetza hobetzeko.