Iruñea, ingurumen zientzien aurrerapenen erakusleiho, Natur Zientzien topaketetan
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Natura elkarteak antolatuta, Natur Zientzien Topaketen seigarren edizioa (NZ6T) egingo da, azaroaren 15ean eta 16an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadia campusean, Iruñean. ‘Bidea etorkizun’ lelopean, ingurumen zientzietan ematen ari den aurrerapenak aztertuko dituzte bertan.

«Gizartea etengabe ari da garatzen, eta ingurumen zientzietan ere nabaritzen da hori. Eragina onuragarria ala kaltegarria izango al da? Natur zientziak teknologia berrietara ongi egokitzen ari dira? Teknologia berrien aplikazioak, ikerketak, oztopoak, erronkak ezagutu ahal izango ditugu Natur Zientzien VI. Topaketan», azaldu du UEUk.
Helburuak
Topaketen helburuak honako hauek dira: ingurumenari eragile mota bakoitzak egindako ekarpenak partekatzea, ingurumenaren inguruko eragileen arteko elkarlana sustatzea, zientziaren alorreko ondorioak gizarteratzea, euskal naturzaleen arteko saretzea bultzatzea, ingurumen gaiak euskaraz jorratzea, aukera eta erronka teknologikoei buruzko gogoeta bideratzea eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasleei lan irteeren aniztasuna erakustea.
Aurtengo ediziorako antolatu diren lau moduluen gaiak adimen artifiziala, omikak, trantsizio energetikoa eta hiriak zein naturguneak izango dira. Mahai inguruan, berriz, ingurumen hezkuntza landuko da, eta poster saioan natur zientziei lotutako edozein gairi buruzko posterrak aurkeztuko dira.
Topaketak azaroaren 15ean eta 16an izango dira, eta zuzenduta daude natur zientzia eta ingurumeneko ikerketa taldeetako kideei, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleei, naturaren kudeatzaileei, ingurumenean eskumenak dituzten erakundeei, natur elkarteetako kideei, naturzaleei, natur hezitzaile eta irakasleei eta Euskal Herrian naturarekin interesatuta dagoen edonori.