Bidaiari

Hartzen aurkako neurri sorta onartu du Japoniak, erasoak saihesteko

Hartzek gizakiei egindako erasoei aurre egin asmoz, neurri sorta bat onartu du Japoniako Gobernuak. Ehiza-baimena ateratzeko edo hesi elektrikoak eraikitzeko pizgarriak ematen hasiko da, besteak beste. Guztira, 13 pertsona hil dira apiriletik hona.

Kartel bat Japonian.
Kartel bat Japonian. (David Madison | Getty Images)

«Jendea bizi den lekuetan agertzen diren hartz-kopurua murrizten saiatuko gara», ziurtatu du Minoru Kihara Japoniako Gobernuko bozeramaileak, planaren berri eman ondoren eskainitako prentsaurrekoan.

Egoerari aurre egiteko epe laburreko neurriak hartuko dituzte. Adibidez, Japoniako agintariek eskatuko diete Armadatik eta Poliziatik erretiratutako kideei ehiza-baimenak lor ditzatela, tokiko ehiztari taldeei laguntzeko.

Era berean, adituak bidaliko dituzte horrelako gertaerek gehien kaltetutako herrietara, eta tokiko agintariei laguntza logistikoa eta finantzarioa emango diete hesi elektrikoak eraiki edo tranpak jartzeko neurriak har ditzaten.

Ibilbide-orri bat

Epe ertainera, Gobernuak konpromisoa hartu du egungo urte fiskala amaitu baino lehen, 2026ko martxoan, ibilbide-orri bat garatzeko, eskualde bakoitzean harrapatu behar diren hartz-kopuruak zehaztuz, populazioa murriztu dadin.

Izan ere, gutxienez, 13 pertsona hil dira eta ehundik gora zauritu apiriletik izandako ehunka hartz-erasotan. Kopuru handia denez, Japoniako agintariek aurrekaririk gabeko neurriak hartu behar izan dituzte, hala nola, arrisku egoeretan animaliei tiro egiteko kalibre handiko armak erabiltzen uztea poliziari.

Japoniak denbora asko darama horrelako gertakarien gorakada jasaten. Aditu asko bat datoz esatean egoera landa-eremuetako despopulazioarekin lotuta dagoela, non zaindu gabeko laborantza-eremu zabalak dauden, hartzak bereziki erakartzen dituztenak.