Fontana de Trevi bisitatzeko bi euro ordainarazteko ideia berreskuratu du Erromak
Turismoaren masifikazioa munduko txoko gehienetara heldu da, batez ere, hiriburuetako altxor ezagunen inguruetara. Hori ikusita, Erromako Udala pentsatzen ari da Fontana de Trevi esparrura sartzeko bi euroko sarrera kobratzea kanpoko bisitariei. Hala ere, aspaldiko ideia oraindik hipotesia da.

Panteoiarekin egin zen bezala, Fontana de Trevi esparrura sartzeko bi euroko sarrera kobratzea aztertzen ari da Erromako Udala. Koliseoaren atzetik, hiriburuko monumenturik bisitatuena da.
Dena dela, Udaleko iturriek adierazi dutenez, «baieztatu gabeko hipotesia» da. Alabaina ‘Corriere della Sera' egunkariak aurreratu duenez, turistentzako sarrera urtarrilaren 7tik aurrera jarriko da abian; erromatarrentzat, aldiz, sarrera doakoa izango da.
Milango egunkariaren arabera, bi errei sortuko dira, bata turistentzat eta bestea erromatarrentzat. Egungo hesien ordez, letoizko zutoin dotoreagoek mugatuta egongo dira eta kreditu-txartelarekin ordaintzeko aukera izango dute bisitariek.
400 pertsona bakarrik
Erabakia hartzen bada, bisitarien fluxu kontrolatuaren neurriari gehituko zaio; izan ere, joan den abenduaren 22tik, 400 pertsona bakarrik sar daitezke aldi berean plazara.
Egunkariak azaldu duenez, sarrera kobratzen hasiko da Gabonetako oporren ondoren.
Aurtengo lehen seihilekoan 5 milioi sarrera baino gehiago erregistratu ziren plazara sartzeko; beraz, txartelaren bidezko irabaziak 20 milioi euroko altxorra suposatzen du udal kutxentzat.
Ideia hainbat aldiz defendatu du Alessandro Onorato Erromako Turismo zinegotziak. Bere ustetan, «bisitari guztiak esperientzia paregabe, berezi eta lasaia» izango dute eta, gainera, «aparteko monumentu bat babestuko genuke».