Azpeitiko Burdinbidearen museoak abenduaren 21ean bukatuko du denboraldia
Abenduaren 22tik 2026ko urtarrilaren 6ra (biak barne), Azpeitiko Burdinbidearen museoaren instalazioak itxita egongo dira jendearentzat, Euskotrenek jakitera eman duenez. Etenaldiaren ondoren, urtarrilaren 7an hasiko da 2026ko programa.

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak abenduaren 21ean bukatuko du 2025eko denboraldia.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko Euskotren sozietate publikoak jakitera eman duenez, abenduaren 22tik 2026ko urtarrilaren 6ra (biak barne), museoaren instalazioak itxita egongo dira jendearentzat, eta urtarrilaren 7an hasiko da 2026ko ekitaldiko denboraldia.
Jakina denez, Burdinbidearen Euskal Museoaren instalazioetan trenbideekin lotutako Europako bildumarik onenetakoa ikus daiteke. Denetariko ibilgailuak daude bertan, hala nola lurrun bidezko tren makinak, baita dieselak eta elektrikoak ere, automotorrak eta askotariko bagoiak.
Horrez gain, Euskal Herriko makina-erremintako bildumarik osatuenetakoa dauka, garai bateko Urolako trenbideko tailer mekanikoari esker, eta XIX. mendearen amaieratik erabilitako tren uniformeak daude ikusgai, baita munduko tren erlojuen bildumarik onenetakoa ere.
Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik larunbatera, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik).
Aurten ere, ‘Abenduko zubian’ museoak tren historikoak jarri zituen martxan zenbait egunez, garai horretan bisitari asko izaten dituelako. Dena dela, denboraldian zehar ehunka bisitari izaten ditu.