Deustu eta San Inazio, klown zaleen topaleku
Urtero bezala, Deustu eta San Inazio auzoetako kaleak normalean baino alaiago egongo dira otsailaren 6tik 25era, egun horietan ospatuko baita Deustualdeko Klown Jaialdiaren bosgarren edizioa. Sei ikuskizunez gozatu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek.

Deustuko eta San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak klown zaleen topaleku bilakatuko da otsailaren 6tik 25era, Bilboko Udalak antolatutako Deustualdeko Klown Jaialdiaren bosgarren edizioa egingo baita. Guztira, sei ikuskizun eskainiko ditu topaketak. Sarrera librea eta doakoa izango da lekua bete arte.
Jaialdiaren helburua klown generoa mota guztietako publikoengana hurbiltzea da, Euskal Herrian tradizio handia duen diziplina baita, bai eta kultura hiriko auzoetara eramatea ere, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Deustualdeko Klown Jaialdia otsailaren 6an hasiko da, San Inazio-Ibarrekolanda udaltegian, Erre Produkzioak talde bizkaitarrak eskainiko duen ‘Magiklown’ euskarazko ikuskizunarekin. Otsailaren 11an, berriz, Roi Borrallas konpainia katalana arituko da Deustuko udaltegian, ‘Solo’ lanarekin.
‘El loco show’
Jaialdiak otsailaren 13an jarraituko du Manolo Costa y Mindanguillo talde valentziarraren ‘El loco show’ ikuskizunarekin, San Inazio-Ibarrekolanda udaltegian. Era berean, Kataluniako La Churry konpainiak ‘S.O.S’ aurkeztuko du otsailaren 18an Deustuko udaltegian.
Deustualdeo Klown Jaialdiaren bosgarren aldiari bukaera emateko, Ido locA talde nafarrak ‘¡Qué circo de mujer!’ lana eramango du otsailaren 20an San Inazio-Ibarrekolandako udaltegira, eta Maiclown talde argentinarrak, azkenik, ‘Alone’ taularatuko du otsailaren 25ean Deustuko udaltegian.