Auzoak dinamizatzen, mikroantzerkien bidez
Gasteizko sei merkataritza establezimendu agertoki inprobisatu bihurtuko dira martxoaren 14ean, Gasteiz On merkatarien elkarteak eta Baidefeis taldeak antolatutako ‘Ez zaitez joan... antzerkitik’ ekimenaren bidez. Helburu nagusia da arte eszenikoak herritarrei hurbilzea.

«Proposamen berritzaile honekin arte eszenikoak herritarrei hurbildu nahi dizkiegu, batez ere antzokietara joaten ez direnei, kultura eguneroko bizitzan txertatuz eta, aldi berean, tokiko merkataritza dinamizatuz», adierazi du ekitaldiaren aurkezpenean Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak. Berarekin izan ziren Patricia Garcia Gasteiz On elkarteko gerentea eta Conse Garcia Baidefeis antzerki taldeko ordezkaria.
Egitasmoak mikroantzerki esperientzia bat planteatuko du Gasteiz hiribidearen eta Antso Jakituna kalearen arteko ardatzean kokatutako saltokietan. 10 eta 15 minutu arteko eszena laburren bidez, aktoreek istorio ezagunak antzeztuko dituzte, harreman sozialetan eta emozio unibertsaletan oinarritutako bizipen pertsonalak agertuz, hala nola ilusioak, beldurrak, itxaropenak edo atsekabeak.
Barre eginaraztea, pentsaraztea eta gozaraztea
Helburua da barre eginaraztea, pentsaraztea eta, batez ere, gozaraztea da. Aldi berean, merkataritza kulturaren topagune bihurtu nahi da, auzoaren espazio bizi eta egituratzaile gisa duen zeregina indartuz. Ekintza horrekin, Gasteizko Udalak, Gasteiz On elkarteak eta Baidefeis taldeak «kulturaren eta merkataritzaren arteko aliantza indartuko dute, hurbileko esperientzia berriak sustatuz».
Egitaraua larunbat arratsaldean egingo da. Lehen ikuskizuna ‘Los polos opuestos se atraen’ izango da, 18:00etan, Recoleta Sweet Cake-n (Tomas Zumarraga Dohatsua, 56). Jarraian, 18:45ean, ‘Un gran favor’ lana egongo da ikusgai Muebles y Decoración Andrés Díaz dendan (Gasteiz hiribidea, 46), eta 19:10ean, Don Sofá-n (Antso Jakituna, 21), ‘Cómo hemos cambiado’ proposamenarekin gozatu ahal izango dute ikusleek.
‘Ellas bailan solas’ lana Bi Begi Óptica y Audiología saltokira (Ricardo Buesa, 4) iritsiko da 19:35ean, eta 20:00etan, Decoraciones Moon saltokiak (Antso Jakituna, 23) ‘Una nueva oportunidad’ antzezlana hartuko du. Egitaraua amaitzeko, ‘La segunda juventud’ lana izango da 20:25ean Audífonos Vitoria-n (Antso Jakituna, 27). Ikuskizun guztiak doakoak izango dira, baina saltokien edukiera mugatua denez, beharrezkoa da aldez aurretik gonbidapena izatea.