Testua eta argazkiak: Eli TXAPARTEGI

Bilboko Berreginen Museoa, arte klasikoaren hastapenetara bidaia

“Venus Milokoa”, “Afrodita eta Dione”, “Moises”, “Hermes Dioniso umearekin”, “Samotraziako Garaipena”, “Laokoon eta haren semeak”, “Belvedereko tortsoa”... Bilboko Berreginen Museoak Europako hainbat museotan ikusgai dauden klasiko ezagunen erreplikak biltzen ditu, kalitate handiko eskulturak denak.

Bilboko Berreginen Museoa berezia da oso. Sarrerako atea zeharkatu aurretik ere -San Frantzisko kaleko 14. zenbakian- bisitariak sumatzen du ez dela edozein museo, fatxada bera, neogotiko estilokoa, oso deigarria baita. Izan ere, eraikin historikoa da, Mariaren Bihotza eliza izandakoa, XIX. mendearen amaieran eraikitakoa. Eta kanpoaldeko itxurak bisitaria harritzen badu, are gehiago barrualdean aurkituko duenak: zutabe zuri altuak, gela gardenak, argi naturala iragartzen duten beirate koloretsuak... Eta, noski, giro bero eta atseginez inguratuta, zenbait mailatan estrategikoki sakabanatutako eskulturak. Erreplikak.

Hamar urtez itxita egon ondoren, 2006ko azaroan ireki zuten berriro museoa egungo egoitzan. Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 90 urte sortu zen, herriko kultura-eskaintza osatzeko eta Arte Ederretako Arte eta Lanbide Eskolako ikasleen ikaskuntzan laguntzeko. Egun, Europako museo onenen artean dago bere esparruan, ikusgai dituen erreprodukzioen aukeraketa eta kalitateagatik, batez ere; hau da, garai guztietako eskultura-maisulan handien erreplika zehatzak biltzeagatik.

Zenbait kokapen

Museoa, egun, Mariaren Bihotza eliza izandakoan dago kokatuta, baina aurretik hainbat tokitan izan da; besteak beste, Berastegiko Eskolan -1930-1955- eta San Frantziskoko Eskoletan.

Santa Maria eliza erabat zaharberritu zen, eta barrualdea goitik behera diseinatu, betiere kultur erabilera berria kontuan hartuta. Lau solairu ditu. Hirutan erakusketa iraunkorra dago eta sotoan, berriz, tailerrak eta bestelako jarduerak egiten dira, oro har, aretoetan bildutako obrarik adierazgarrienak ezagutarazteko. Bisita gidatuak, aldi baterako erakusketak eta hitzaldiak antolatzen dituzte, baita “Obra bere testuinguruan” ere, aldez aurretik aukeratutako artelan bat sakon aztertzen duen ekimena. Horrez gain, museoak bestelako ekitaldiak ere antolatzen ditu, hala nola kontzertuak eta moda desfileak, betiere San Frantzisko auzoa dinamizatzera bideratuta.

Bilduma iraunkorra

Bilduma iraunkorrak Artearen Historiaren ibilbidea eskaintzen du, munduan sakabanatutako hainbat museotan dauden artelanen kopia bikainen bitartez: Vatikanoko Museoa, Berlingoa, Florentziako Akademia, Louvre, British Museum.... Arte klasikoaren hastapenetara bidaiatuko du bisitariak, baina, noski, bidaiatu beharrik gabe.

Museoaren sustatzaileek piezen kalitatea lehenetsi nahi izan zutenez, kopiak pixkanaka-pixkanaka enkargatzea erabaki zuten. Horrela hasi ziren maisulanak iristen; honako hauek, besteak beste: “Verrocchioren David”, Medici familiaren enkarguz brontzez egindako David gazte bat, garaipen-posean, Goliaten burua oinetan duela; “Arantzadun umea”, Erromako Museo Kapitolinoetan dagoen Antzinako Greziako brontzezko pieza; eta “Belvedereko Tortsoa” delakoa, Atenaseko Apolonio atenastarraren sinadura duena eta Vatikanoko Museoan ikusgai dagoen gizonezko biluzi baten zati dena. Bildumen balioa jatorrizkoen lehen kopiak izatean datza.

Museora hurbiltzen denak eskulturen artean pasea dezake norabide finkorik gabe, baina pieza batzuek arreta berezia eskatzen dute, minutu batzuk gehiago, geldialdi lasaiagoak. Horien artean dago “Venus Milokokoa”, antzinako erromatar eskulturarik ospetsuenetakoa, edertasun klasikoaren paradigma bihurtu dena. Kopia Louvre Museotik dator.

Arreta berezia merezi du, halaber, “Samotraziako garaipena” eskulturak, Louvreko jatorrizkoaren kopiak. Nike garaipenaren jainkosa greziarrari gorputzaren zatiak falta zaizkio, puskaka aurkitu zutelako. Aipatzekoa da, bestalde, “Moises”, Erromako San Pietro in Vincoli elizan dagoena. Dirudienez, profetari buruz Bibliak egiten duen deskribapenari jarraitu zion zehatz-mehatz Michelangelok, irudiak bi adar baititu. Kopia tailer erromatar batek egina da.

Kopia gehiago

“Laokoon eta haren semeak” eta “Diskoboloa” ere bereziak dira. Lehenak Laokoon apaiz troiarra eta bere bi semeak irudikatzen ditu, Poseidonek bidalitako bi sugek erasota. Bilboko kopia Vatikanoko Museoan egin zen eta egun Greziako Barrokoaren adibiderik onenetakotzat jotzen da. “Diskobolo”-ri dagokionez, berriz, kopia erromatarrak baino ez dira kontserbatzen; Bilbokoa British Museum-eko “Townley diskoboloa”ren kopia da. 1930ean Benito Bartolozziren tailerrean egina, disko jaurtitzaile bat irudikatzen du.

Museoaren muina erakusketa iraunkorra den arren, bertako arduradunek Mariaren Bihotza plazako aztarnategirako bisitak ere kudeatzen dituzte, benetako altxorra gordetzen baitu: XV. mendearen amaieran eraiki eta XIX. mendean eraitsi zen San Frantzisko Komentu zaharraren aztarnak.