Arteleku, gogoan Arte eta Kultura Garaikideko Zentroa

Uztailak 4-Urtarrilak 11
‘Artelekun zehar. 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat’ ikusgai dago Gasteizko Artium museoan 2026ko urtarrilaren 11ra arte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik 1987an Donostiako Loiola auzoan zabaldutako Arte eta Kultura Garaikideko Zentroa izan zen Arteleku.
Santiago Erasoren zuzendaritzapean, arte garaikidearen beharrak betetzea izan zuen helburu nagusia, eta orientazio bat eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen berehala, esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta eta pedagogia eta ezagutzen transmisioa ardatz nagusitzat hartuta.
Erreferentzia bihurtu zen sorkuntza artistikoaren arloan, 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan. Hamaika jarduera antolatu zituen, batez ere tailerrak, mintegiak eta erakusketak.
Artelekuren artxiboa da erakusketaren ardatza, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dagoena. Erakusketa osatzeko, Artiumen eta Gordailuaren beraren funtsen aukeraketa bat egin dute. Gainera, dokumentu multzo garrantzitsua du, besteak beste, Isabel Azkarateren eta Ricardo Iriarteren artxiboak.
Mikel Onandia, Sergio Rubira, Leire Vergara eta Beatriz Herraez izan dira erakusketaren komisarioak.