Urtzi Urrutikoetxea (U.U. Getty Images eta Ottawa Tourism)

Ottawa, ondo bizitzeaz harro den hiri ezezaguna

Torontoren eta Montrealen itzalean, Ottawak bisitari gutxiago jaso ohi ditu, baina Kanadako hiriburuak, Quebec eta Ontario probintzien mugan, altxor ezkutu ugari ditu. Herrialdeko bi hizkuntza kolonialen artean, tradizio indigenaren erdian eta eskaintza artistiko eta gastronomikoz beteta, ondo bizitzeaz harro den hiria da.

Ottawa ibaiaren ertzeko bidegorria, Parliament-en Hillen ondoan, atzean Kanadako Auzitegi Gorenaren eraikina daukala. (George Rose | Getty Images)
Ottawa ibaiaren ertzeko bidegorria, Parliament-en Hillen ondoan, atzean Kanadako Auzitegi Gorenaren eraikina daukala. (George Rose | Getty Images)

AEBk hiriburua New York, Chicago edo Los Angeles ez diren gisan, Kanadako hiri nagusiak ere ez dira herrialdeko hiriburuak. Ottawak lau ordu eta erdira du Toronto, bi ordura Montreal, eta Estatu Batuetako muga hurbilena, New Yorkeko estatua, ordubete baino gutxiagora dauka. Bide horien erdian ezustekoz betetako hiri interesgarri eta dotorea dago. Ottawa izen bereko ibaiaren ertzean; era berean, ibaiak Ontario eta Quebeceko probintziak bereizten ditu: lehena ingeles hiztuna da, eta bertan dago hiriburua berez; bigarrena frankofonoa da. Gatineau hiria Ottawaren biki frankonoa.

Gobernuaren egoitza izateaz gain, Kanadako gune kultural garrantzitsuenetakoa ere bada (zazpi galeria eta museo nazional daude herrialdeko hiriburuan), eta aire zabaleko espazioz beteta dago. Urteko zati handi batean hotz handiegia egiten du parke eta basoez gozatzeko (barnean gozatzeko nahi beste aukera kultural zein gastronomiko ditu, bestela ere), baina Toronto edo Montreal baino askoz txikiagoa den hiriburu hau urte osoan zehar gozatzeko moduko hiria da. Ondo kontserbatutako alde zaharra dauka, arkitektura viktoriar bikaina eta eraikin historiko ugari; oinez erraz bisitatu daitekeen erdigunean daude horietako gehienak.

Kanadako National Galleryko atarian Louise Bourgeoisen Ama (Maman) izeneko armiarma. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Rideau kanaleko dikeak, ottawa ibaira iritsi aurretik. (Getty Images)

Udaberri amaieratik udazken hasierara zeharo eraldatzen da Ottawa. Aire zabaleko urtaroek herritarrak eta bisitariak kalera bultzatzen dituzte; WESTfest Kanadako doako kaleko jai handiena, esaterako ekain hasieran da, eta handik aste pare batera Dragoi Ontzi Jaialdia (ekainak 20-23). Egun luze eta 25 gradu inguruko tenperaturako asteak datoz segidan; irailetik urrira egunak laburtu eta udazkenak koloreen leherketa dakar hirira eta ingurune guztira. Uzta garaia ere bada, kalabazak eta sagarrak jasotzeko. Gorri eta hori koloreen tonu guztiak biltzen dira, Gatineau parke nazionaleko ibilbideetan galtzeko edo ByWard azokan ibiltzeko.

KOKALEKU PAREGABEA

Ottawa aipatzean ageri ohi den lehen irudia Parliament Hill da (Parlamentuko muinoa), eta bertara doazen bisitarientzat ere lehen geltokia da. Britainiar eta estatubatuar arkitektura estiloen nahasketa interesgarria ditu, besteak beste, Komunen Ganbera, Senatua eta Londresko Big Ben ere gogora dakarren Peace Tower edo Bakearen Dorrea.

Parliament Hill, sir Wilfried Laurier lehen ministro ohiaren estatua aurrean daukala. (George Rose | Getty Images)

Parlamentuko muinoaren gaina egiten duen 1920ko hamarkadako kanpandorre gotiko altua gargolaz apainduta dago.Doako igogailuan igo daiteke, kobrezko dorreen eta teilatuen gaineko ikuspegia ikusteko. Parlamentuko eraikinen bisita gidatua Kanadako historia politikoa ezagutzeko aukera paregabea da. Hartz larruzko kapelak daramatzaten soldaduek guardia aldaketa egiten dute muinoaren aurreko belardian (neguan izan ezik); udan gauero doako soinu eta argi ikuskizun bat ere izaten da.

Kanadara joanda, eta are gehiago Quebec inguruan ibilita, poutine da ezinbestean aipatu beharreko platera; patata frijituak dira, gainean gazta (cheddar gazta gehienetan) eta haragi saltsa daramatzala

Kanadako hiriburuaren jatorria Parlamentutik hurbil dago, eta Unescoko Munduko ondarea da gaur egun. Estatu Batuekin harreman korapilatsuak izan ziren garaian Ontario aintzirara iristeko eraiki zuten Rideau kanala, eta Kanadako hiriburu bihurtu zen herri baten sorrera ekarri zuen. Egun, kanalak 202 km eskaintzen ditu bizikletaz ibiltzeko, paseatzeko, arrantzan egiteko eta kanpatzeko. Ontzi elektriko turistikoak ere badabiltza kanalean zehar; neguan, berriz, munduko izotz pistarik handiena bihurtzen da.

Notre-Dame katedrala barrutik. Hiriko eliza zaharrena eta handiena da, eta frantsesez eta ingelesezko mezak egiten dituzte. (George Rose | Getty Images)

Hiriaren erdigunetik (downtown) Parliament Hill-era doan Rideau etorbideko bidegurutzea. (Getty Images)

Kanala Ottawa ibaira iritsita, Quebeceko aldea ageri da beste aldean. Erabateko ikuskizuna da dikeak ireki eta ixten ikustea, ibaitik kanalera bidean dagoen altuerara iristeko. Era berean, Parliament Hill eta hiriko erdigunearen arteko muga ere bada, Bigarren Mundu Gerrari buruzko monumentu erraldoia da beste mugarri esanguratsuena.

FOODIEN HIRIBURUA

Kanadara joanda, eta are gehiago Quebec inguruan ibilita, poutine da ezinbestean aipatu beharreko platera; patata frijituak dira, gainean gazta (cheddar gazta gehienetan) eta haragi saltsa daramatzala. Eta herrialdeko banderak berak astigar hostoa izanik, udazkenean astigar siropea (almibarra) baitezpada dastatu beharreka da. Baina bi horiek baino askoz gehiago ere bada Ottawa. Hiria sortu zuen John By teniente koronelak ByWard merkatua ere diseinatu zuen duela ia 200 urte, 1826an. Erdigunera iritsitakoan hasten den barrutia da, Senatuaren ondoko parketik jaitsita metro gutxira.

Hiriaren izena biltzen duten hizkiak, ByWard merkatuaren parean. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

‘Betiko sua’, Parliament Hill-en aurrean. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Gaur egun ere hiriguneko eta inguruko nekazarien etxaldeetako produktu freskoa salgai dute azokako 260 postuetan. Blue Bird-en kafe txigortu berezia daukate, BeaverTails-en gozogile ospetsuak buztan itxurako estaldura ematen die bere produktuei, eta House of Cheese-k Bénédictin intxaurtsua eta bertako beste zenbait gaztarekin batera atzerriko 500 barietate ere baditu. Food truck-ak ere ez dira falta inguruan, txuleta zein itsaskia jateko. Egunez azoka interesgarria den gisan, ilunabarrean ere bertan afaltzeko txoko paregabea da.

Kanadaren asimilazio politikak oso bortitzak izan dira, eta hori ez da ezkutatzen, baina kolonizazioa ez zen AEBn bezala izan, besteak beste, hain iparraldera egonik, indigenen jakituria ezinbestekoa izan zelako Europatik iritsitako nekazari behartsuentzat

Inguruko kaleetan behera, St Patrick-en irlandar banderak eta gaelikozko seinale elebidunak daude, Notre Dameko basilika katolikoa ere hurbil dago. Kalea gurutzatuta, berriz, askori ezaguna egin zaion eskultura erraldoi bat dago National Galleryko atarian: Louise Bourgeoisen Ama (Maman) izeneko armiarma, Bilboko Guggenheim museoaren kanpoan dagoen berdina (serie berekoak dira). Ottawako zazpi museo nazionaletako bat da, eta barruan Kanadako arte indigena, bertako eta nazioarteko artelanak eta mundu mailako erakusketak ikus litezke.

Parlamentu ingurura itzuliz, Sparks kaleak oinezko tarte atsegin ugari ditu, hiriko fatxada historiko ugari igaroz bidean. Une batean Bank kaleak zeharkatzen du; Ottawa bat ezagutzeko markatutako guneetako bat da, mural koloretsuak eta denda eklektikoak daude Kanadako botere gunetik urrats gutxitara. Hirigunetik hegoalderago, Elgin kaleko taberna eta jatetxeak afaltzeko txoko atseginak dira; beste horrenbeste, Westboro Village, Little Italy edo The Glebe auzuneetara joanez gero.

Kiweki Point, National Gallerytik hurbil Alexandra Bridge-ra bidean, ibaiaren eta hiriburuaren bi aldeak ikuste kolekurik bikainenetakoa. (Paul McKinnon | Getty Images)
Kanadako Historia museoaren eraikin ikusgarria. Ottawa ibaiaren beste aldean dago, Quebec-eko Gatineaun. (Ottawa Tourism)
QUEBEC-ERA

Kanadako hiriburuaren erdigunea eta Parlamentua bera Ontario probintzian egon arren, ibaiaren beste aldera Quebec-eko aldean hedatzen den Ottawak ere merezi du bisita. Galeria nazionaletik etorrita eta Alexandra zubia igarota, ibaiaren iparraldeko txoko honetako eraikinik interesgarrienetakoa Historia museo nazionala da. Kanadako lehen nazioen eta europar kolonoen historia nahasi eta uste baino ezezagunagoaz ikasteko leku bikaina da.

Parliament Hill-en aireko irudia, Ottawa ibaia eta Gatineau (Quebec) atzean ageri direla. (Ottawa Tourism)

Parliament Hill-en estilo neogotikoa ikusgarria da alde guztietatik begiratuta. (George Rose | Getty Images)

Kanadaren asimilazio politikak oso bortitzak izan dira, eta hori ez da ezkutatzen, baina kolonizazioa ez zen AEBn bezala izan, besteak beste, hain iparraldera egonik, indigenen jakituria ezinbestekoa izan zelako Europatik iritsitako nekazari behartsuentzat. Museoaren elementu aipagarrienetako bat Grand Hall edo Areto Nagusia da, ikusgai daude totem zutoinak, kanoak eta bestelako objektuak.

Urruntxoago Nordik Chelsea dago, Ipar Amerikako eguneko spa handiena. Igerileku bero erraldoi batean murgiltzea hiriaren panoramaz gozatzeko, hiriburu interesgarri honi eman dakiokeen itxiera onenetakoa da. Eta bisitan jarraitu nahi izanez gero, gertuko Gatineau parke erraldoian nahi beste ibilaldi egin litezke, ur jauziez, basoez eta ikuspegi ederrez gozatzeko.