Ane Iparragirre

Andaye, ‘Oroitzapenen hiria’

‘Andaye, Oroitzapenen Hiria’ interpretazio zentroa bisitatzen duenak Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera izango du, baina, bereziki, Hendaiakoa, bere muga bazterreko kokapenaren eraginez, Europako historiari estuki lotua dagoena. Sorginkeria, kontrabandoa, baleen ehiza, mundu mailako gerrak, mugak, gastronomia, arkitektura... Guneak jorratzen dituen gaiak josiz, iraganera bidaia egingo du bisitariak.

Muga da guneak jorratzen duen gaietako bat. (Patxi Beltzaiz)
Muga da guneak jorratzen duen gaietako bat. (Patxi Beltzaiz)

Andaye zentroak 380 metro karratuko azalera du, bederatzi gelatan banatuta. Kontaketa modu ludiko eta interaktiboan egiten du. Mitologia eta sorginkeria dira ardatz lehen geletan eta, ondorengoek, Euskal Herriko itsas tradizioak azaltzen dituzte, hala nola «Hendaiaren eta Hondarribiaren arteko lehia eta Bidaso ertzeko gatazkak Pierre Loti komandantea iritsi arte», hiriko Turismo eta Merkataritza Bulegoko arduradunen esanetan. Bizkaiko golkoko arrantzak eta Hendaiako portuaren aldaketak ematen die amaiera historiaren kontakizunarekin lehen etapari.

Ondoren, 1914 eta 1945 bitarteko mundu gerrak gogorarazi eta gero, euskal estiloko arkitektura da gai nagusia. Hendaiak Irungo herriari eginiko eskerrak ere azaltzen dira, Lehen Mundu Gerraren ostean hildakoen monumentua finantzatu zuelako. Espainiako Gerra Zibila ere aipatzen da zenbait hendaiar ospetsu aipatu aurretik: Bixente Lizarazu, Labeque ahizpak… Segidan, kontrabandoa, mugak, gastronomia…

Kontaketa modu ludiko eta interaktiboan egiten du. (Patxi Beltzaiz)

Egitasmoaren sustatzaileen asmoa izan da, hasiera-hasieratik, gunea Euskal Herriaren memoriari eskainitako tresna bihurtzea. (Patxi Beltzaiz)

Bisitariek Ixtebe Pellot ‘euskal azeria’-ren unibertso interaktiboan murgiltzeko parada ere izango dute, escape game bati esker.(Patxi Beltzaiz)

Kontakizunak, dena dela, gidari lanak egiten dituzten bidelagun bereziak ditu: artelanak. Asko eta era askotakoak, gainera, zenbait lekutatik ekarritakoak: Versaillesetik, Madrilgo Dekorazio Arteen Museotik, Bordeleko Aduanen Museotik, Baionako Euskal Museotik… Goya, Velazquez, Rubens…Baina, jakina, ez dira jatorrizko piezak, kopiak baizik, Paueko Unibertsitateak baliozkotu dituen testu multzoekin aberastuta.

Bestalde, bisitariek Ixtebe Pellot ‘euskal azeria’-ren (‘Le Rénard basque’, frantsesez) unibertso interaktiboan murgiltzeko parada ere izango dute, escape game bati esker. Jokoaren helburua da bertako azken kortsario ezaguna kartzelatik askatzea.

Zentroa bisitatzen duenak Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera izango du, baina, bereziki, Hendaiakoa. Mitologia eta sorginkeria dira ardatz lehen geletan eta ondorengoek Euskal Herriko itsas tradizioak azaltzen dituzte. (Patxi Beltzaiz)
Andaye zentroak 380 metro karratuko azalera du, bederatzi gelatan banatuta. (Patxi Beltzaiz)
Zentroa hiriaren hirigunean dago kokatuta. (Patxi Beltzaiz)
MEMORIARI ESKAINITAKO TRESNA

Andaye zentroa zabalik dago Hendaiako erdigunean 2024ko uztailetik aurrera. Egitasmoaren sustatzaileen asmoa izan da, hasiera-hasieratik, gunea Euskal Herriaren memoriari eskainitako tresna bihurtzea eta bertako zein kanpoko bisitariak erakartzea.

Gunearen izenaren hautuak ere badu arrazoirik, zentroaren zabaltze ekitaldian arduradunek azaldu zutenez: «Andayeren etimologia mantendu dugu; ‘a’rekin idatzi dugu, XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat dokumentutan agertzen den bezala, baita 1451ko batean ere, ‘Andayeko herriak berrogei etxe ditu’ zehazten duena».

Hendaia, beraz, aldatu da harrezkero, eta, hain zuzen ere, hiriaren bilakaeraren eta bidean bizi izandakoaren lekuko izan nahi du Andayek.