Juan Luis Mugertza (J.L.M. eta Getty Images)

Grafitien ‘mekak’, Brasilgo kaleetan

Tatuajeek gorputzak bezala, grafitiek hiriak koloreztatzen dituzte, alaitu. Eta zenbait hiritako kaleak eta txokoak aire zabaleko arte museo bilakatu ohi dira, grafitien ‘meka’, Os Gemeos, Nina Pandolfo, Eduardo Kobra eta beste hainbat artistari esker. Sao Pauloko Beco do Batman eta Rio de Janeiroko bulebar olinpikoa horren adibide argiak dira.

‘Etnias’. Eduardo Kobrak egin zuen Rio de Janeiroko 2016ko olinpiar jokoak hasi baino lehen, hiriko bulebar olinpikoan, Guanabarako portuan zehazki. (Lorena Samponi | Getty Images)
‘Etnias’. Eduardo Kobrak egin zuen Rio de Janeiroko 2016ko olinpiar jokoak hasi baino lehen, hiriko bulebar olinpikoan, Guanabarako portuan zehazki. (Lorena Samponi | Getty Images)

Sao Paulo grisa da, kaotikoa. Etxe orratzak, bulegoak, zoratzeko moduko trafikoa, sekulako jendetza… Halarik ere, Pinheirosen eta Vila Madalenaren artean jende asko erakartzen duen auzo bohemio bat dago, hiriari kolorea eta bizitasuna ematen dizkiona. Bertan, Rua Gonçalo Alfonso dago, zenbait artistak aire zabalean paretetan egindako era guztietako muralez jositako kalea; hiriko grafiti gunerik ospetsuena da, ‘Beco do Batman’ (‘Batmanen kalezuloa’) izenekoa.

Tamaina handiko erretratu bat. (Juan Luis Mugertza)

Beco do Batman auzoan margotutako lehen murala Batmanena izan zelako du izen hori. (Juan Luis Mugertza)

Aurpegiak, animaliak, pertsonaiak, tximeletak, fantasiazko irudiak… Denetarik dago Beco do Batman auzoko paretetan. (Juan Luis Mugertza)

Fantasia presente dago irudi askotan. (Juan Luis Mugertza)

Batman ezin falta ‘Batmanen kalezuloa’n. (Juan Luis Mugertza)

Dirudienez, ezizena 1980ko hamarraldian ipini zioten, karrika horretan margotutako lehen murala Batmanena izan zelako. Grafitiak arte eskolako ikasleek eguneratzen dituzte aldian-aldian; beraz, Beco do Batmanen egindako bisita bakoitzean beti dago zerbait berria. Aurpegiak, animaliak, pertsonaiak, tximeletak, Batman, fantasiazko irudiak… izango ditu ikusgai bertara hurbiltzen denak.

Gainera, kalezuloaren bazterretan dauden saltzaileek eta tabernetako giroak are erakargarriago bihurtzen dute auzoa. Horregatik, argazkiak egin nahi izanez gero, komeni da goizean goiz joatea, jendez lepo egoten baita egunean zehar.

Bisita bakoitza ezberdina da, beti baitago zerbait berria. (Juan Luis Mugertza)
Tamaina handiko irudiak izaten dira gehienetan grafitiak. (Juan Luis Mugertza)
Haurrak kale koloretsu artean korrika. (Christopher Pillitz | Getty Images)
TODOS SOMOS UM’

Eduardo Kobra izan zen ‘Todos Somos Um’ muralaren egilea. 1975ean jaio zen Sao Pauloko metropoli erdigunetik kanpo, auzo txiro batean. Umetan grafitiak margotzen zituen hiriko hormetan eta, ondoren, 1990ean, kartelak eta dekorazio irudiak egiten hasi zen hainbat publizitate agentziaren enkarguz. Urteak pasa ahala, gero eta gehiago ziren proiektuak enkargatzen zizkioten enpresak. 2007tik aurrera, oso ezaguna eta baloratua da artearen munduan.

Loreek ere paretak koloreztatzen dituzte. (Rebeca Mello | Getty Images)

Artistak ere bertan izaten dira batzuetan. (Getty Images)

Eduardo Kobrak Guanabarako portuan egindako ‘Etnias’ edo ‘Todos somos um’ (‘Guztiok bat gara’) artelanaren zati bat. (Juan Luis Mugertza)

Kobrak munduko muralik handiena egin zuen bulebar olinpikoan, 3.000 metro koadrokoa. Irudia bertakoa da. (Juan Luis Mugertza)

Zenbait grafitiren panoramika. (Juan Luis Mugertza)

Animalia fantastikoak turisten gogoko izaten dira. (Alexandre Fagundes | Getty Images)

Tabernek, noski, aprobetxatzen dute grafitien amu turistikoa. (Rudolf Ernst | Getty Images)

Argazkilariek ere ateratzen diote etekina turismoari. (Rudolf Ernst | Getty Images)

Rio de Janeiroko 2016ko olinpiar jokoak hasi baino lehen, bulebar olinpikoan, Guanabarako portuan zehazki, munduko muralik handiena egin zuen, 3.000 metro koadrokoa: ‘Etnias’ edo ‘Todos somos um’ (‘Guztiok bat gara’) du izenburu. Kobrak eta bere taldekideek portu inguruko biltegi zahar bateko hormetan bost kontinenteetako zenbait etniatako aurpegiak margotu zituzten. Egunean 12 orduz jardun behar izan zuten, bi hilabetez, lana bukatzeko. Muralak 15 metroko altuera eta 170 metroko luzera ditu. Eta erabilitako materiala ere ez da txantxetakoa: 1.800 litro pintura zuri, 700 litro pintura koloretsu, eta 3.000 esprai botila.

Eduardo Kobra, egun, munduko muralistarik ezagunenetakoa da. Bost kontinenteetan sortu ditu lanak, gizarte arazoei buruzko mezuak helarazten dituztenak.