Urtzi Urrutikoetxea (U.U. eta Getty Images)

Quebec hiria, udaberrian Amerikarik europarrenean

San Laurendi ibaia itsas golko eta Ozeano Atlantikoko atari bihurtzen den lekuan, Quebec hiria dago. Izen bereko probintzia frankofonoko hiriburuak ezohiko alde zahar bildu eta ederra dauka. Negua atzean utzita baina oraindik ere beroki lodia aldean, Unescoren Munduko Ondoreen Zerrendan agertzen den harresiz inguratutako Vieux-Quebec dugu zain, galtzada-harriko kaleetako txoko ederretan galtzeko.

Quebeceko bandera hiriko Parlamentuaren eraikinaren goialdean. (Marc Bruxelle | Getty Images)
Quebeceko bandera hiriko Parlamentuaren eraikinaren goialdean. (Marc Bruxelle | Getty Images)

Quebec hiria udaberrian bisitatuz gero, bi ohar jakingarri egin litezke: lehena, egutegiari jaramon egitea ondo dago, baina hemen negu gorria asko luza daiteke. Bigarrena, Ipar Amerikako ibilian gunerik europarrenera gindoazen ustea izan arren, azkar ikusi genuen benetan non ginen. Alde zaharrean autoa sartu beharrean, goian, Quebeceko Parlamentuaren aurrean aparkatu genuen (bai, Montreal hiri handiena izan arren, Quebec Hiria da izen bereko probintziako hiriburua), eta berehala neska-mutil gazteen oihu eta parranda hotsek hartu gintuzten. Autobusetan asko, limusina luzeak ere tarteka, barre eta algara, dotore jantzita, musika, banderatxoak. Ikasturte amaierako ospakizunak ziren: graduazio aurreko festak. Europan ere ospatzen da ikasturte luzearen amaiera, badakit, baina hark guztiak bazeukan berebiziko iparramerikar kutsua.

Ironikoa izan zen; izan ere, askok diote hiri hau dela Ipar Amerikako hiririk europarrena. Baina lehenengo inpresio hark azkar gogorarazi zigun bazterrotan nabarmentzea hain gustuko duten bi munduren arteko nahasketa: alde batetik, historia frantsesa eta kale zaharren giroa; bestetik, kontinente berriko erritmo eta ohiturak.

Quebec hiria eta San Laurendi ibaia, lehen planoan ferry bat eta atzean gazteliua dituela. (Daniel Ouellette | Getty Images)

Unescoren Munduko Ondoreen Zerrendan agertzen den harresiz inguratutako Vieux-Quebec alde zaharra galtzada-harriko kaleetako txoko ederretan galtzeko aukera eskaintzen du. (C Flanigan | Getty Images)

Ñabardura pare bat ere merezi ditu anglo-saxoi eta frantses lehia bitxi horrek: jatorrizko herritarrak lehendabizi, noski. Hirian bertan, ohiko Quebec zaharreko zirkuitutik apartean baina geroz eta nabarmenago, Hurot-Wendat herria dago. Bestelako esperientzia baterako aukera ugari dituzte, egunez zein gauez. Bigarren ñabardura: inperio kolonialen historian Samuel de Champlain frantsesa ageri da Quebec Hiriaren sortzaile gisa, 1608an; hura baino 75 urte lehenago, Jacques Cartier-ek -Frantziako erregerentzat lanean hura ere- “deskubritu” omen zuen Kanada San Lorentzo golkoan gora nabigatuta... Kontuz ez da, soilik, bertako herritar indigenak zeudela, Cartierrek berak euskal arrantza-ontziak ere begiztatu zituela baizik, ordurako han kontinente zaharretik joandako jendea bazen seinale.

OINEZ

Azpimarraketa eginda, ezin uka Quebec Hiriaren ospea erraz ulertzen dela, bertako bisita hasi eta berehala. Hiriaren bihotza, Vieux-Québec izeneko alde zaharra, oinez ibiltzeko egina dago. Kale estuak, galtzada-harrizko zoladura, aldapak eta plazatxoak. Autoa ez da beharrezkoa; egia esan, askotan traba ere bada. Europako hiri historiko askotan bezala, lekuak berak gonbidatzen du paseatzera, gelditzera, begiratzera.

Harresien gaineko pasealekuetatik ibiltzea esperientzia berezia da, alde batean teilatu zaharrak dituzula, eta bestean San Laurendi ibai zabala

Hiri zaharra harresiz inguratuta dago. Kontinente honetan antzekorik aurkitzeko, hegoalderantz asko bidaiatu behar da. Ia bost mila kilometro, zehazki: hau da Mexikotik iparraldera harresidun hiri bakarra. Harresien gaineko pasealekuetatik ibiltzea esperientzia berezia da, alde batean teilatu zaharrak dituzula, eta bestean San Laurendi ibai zabala. Tira, ibaia... zehazki, berez zabal datorren ibaia golko handi batera isurtzen den topagunea da, itsasoaren zabalera hartzeko. Historian zehar Ipar Amerikako merkataritzaren eta esplorazioaren ardatza izan da.

Franklin D Roosevelt-en bustoa. (Scott Legato | Getty Images)

Franklin D Roosevelt-en bustoa. (Scott Legato | Getty Images)

Hiriaren silueta markatzen duen eraikina, zalantzarik gabe, Château Frontenac da. Dorreak, teilatu berde zorrotzak eta gaztelu baten itxura; Europako jauregi zaharren antzera eraikita dago, baina XIX. mendearen amaierakoa da. Zehazki, tren konpainiek eraiki zuten, turismoa sustatzeko asmoz. Gaur egun, hiriko ikur nagusi bihurtu da: edozein kale edo ikuspegitatik agertzen da, orientazio-puntu gisa.

Frontenac gazteluaren aurrean zabaltzen den egurrezko pasealekua, Dufferin terraza, bizi-bizirik dago udaberrian. Negu luze eta hotzaren ondoren, lehen eguzki-izpiek jendea kalera ateratzen dute: musikariak, familiak paseoan, gazteak patinetan edo patinean. Ibaiaren beste ertza behatzeko lekua da, eta ortzi-muga zabala, egun argietan.

Notre-Dame basilica. (Scott Legato | Getty Images)
Arkitektura deigarria du hiriak. (Xiaoning Dou | Getty Images)
Montmorency Falls ur-jauzi ikusgarria hiritik kilometro gutxira dago. 80 metro baino gehiagoko altuerarekin, pasealekuak eta zubiak daude inguruan, uraren indarra goitik zein behetik ikusteko. (Vlad_Ghiea | Getty Images)
HIRI ZAHARRA

Goiko aldeko hiri zaharrak kontraste interesgarria du beheko aldearekin. Aldapa edo eskailera batzuk jaitsita iristen zara Petit Champlain auzora. Kale estuak, etxe koloretsuak eta harrizko hormak. Ipar Amerikako kalerik zaharrenetakoak dira. Neguan elurrez estaltzen direnean postal perfektua dirudite; udaberrian, berriz, fatxadak kolorez eta landarez betetzen hasten dira.

Hiriko historiak, noski, arrasto sakona utzi du. Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko gatazken garaian kokaleku estrategikoa izan zen

Lekua turistikoa da, zalantzarik ez, Unescok munduko ondare izendatuta dauka. Baina turistez gain, eta horratx Europan turismoak irentsitako gune askoren ifrentzua, kale-bizitza arrunta ere badago: etxeetako leihoak zabalik, bizilagunak ateetan hizketan, umeak eskaileretan jolasean. Hori da, agian, hiriaren xarma handienetako bat: historia ez dagoela isolatuta, eguneroko bizimoduari atxikita baizik.

Château Frontenac. (Michel Setboun | Corbis-Getty Images)

Lekua turistikoa da, baina turistez gain, kale-bizitza arrunta ere badago: etxeetako leihoak zabalik, bizilagunak ateetan hizketan, umeak eskaileretan jolasean. (Urtzi Urrrutikoetxea)

Aldapa behera jarraituz gero, portu zaharrera iristen da. Garai batean merkataritza eta ontzien mugimendua etengabea zen hemen; gaur egun pasealeku zabala da, bizikletaz edo oinez ibiltzeko aproposa. Itsasadar handiaren ondoan egoteak paisaiari zabaltasun berezia ematen dio.

Hiriko historiak, noski, arrasto sakona utzi du. Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko gatazken garaian kokaleku estrategikoa izan zen. Horren lekuko dira Plaines d’Abraham izeneko zelaiak. Gaur egun parke handia da, korrikalariak, piknikak eta jaialdiak biltzen ditu; baina 1759an hemen erabaki zen Ipar Amerikako boterearen oreka.

Europako alde zahar baten kutsua du hiriak, oinez ibiltzekoa, arkitekturaz eta historiaz eta patxadaz ezagutzeko txokoz josita. (Urtzi Urrutikoetxea)

Udaberrian, lorez betetzen dira kaleak. (Urtzi Urrutikoetxea)

Negu luze eta hotzaren ondoren, lehen eguzki-izpiek jendea kalera ateratzen dute: musikariak, familiak paseoan, gazteak patinetan... Ibaiaren beste ertza behatzeko lekua da, eta ortzi-muga zabala, egun argietan. (Michael Hurcomb | Getty Images)

Udaberrian, gainera, parke horiek eta hiriko beste espazio berdeak kolorez betetzen dira (urtaro egokirik bada, hauxe, udazkeneko orbelen eta hori-gorrien aste laburrekin batera). Negu luzea atzean utzi ondoren, jendeak eguzkia nahi du. Bankuetan eserita irakurtzen, belardietan etzanda, edo, besterik gabe, kaleetan paseatzen.

Quebec hiriaren Europako kutsua aipatzen denean, antzekotasuna ez dator arkitekturagatik soilik. Eskala da gakoa: erdigune historikoa trinkoa ibiltzeko erraza da. Goiz oso bat eman daiteke kaleetan galduz, mapari begiratu gabe. Leku beretik bizpahiru aldiz igarota agian, eta bakoitzean ñabardura bat, une desberdin bat edo beste detaile bat, taberna bati, saltoki bati, afixa bati erreparatuz. Edo mural bati, munduko artelanik ikusgarrienetakoak biltzen baitira kale zaharrotan.

Dufferin terraza, goizeko lehen orduetan. Frontenac gazteluaren aurrean zabaltzen den egurrezko pasealekua bizi-bizirik dago udaberrian. (Geoffrey Prior | Getty Images)
Château Frontenac-en inguruaren panoramika. Hiriaren silueta markatzen duen eraikina da, zalantzarik gabe, Frontenac da. Dorreak, teilatu berde zorrotzak eta gaztelu baten itxura du. (Urtzi Urrutikoetxea)
Argitasunak hiria alaitzen du udaberrian. (Scott Legato | Getty Images)
AMERIKA

Hala ere, ez da ahaztu behar Ipar Amerikan gaudela. Kale zabalagoak, auto gehiago, eta kultura nahasketa agerikoa. Euskal Herritik etorrita, frantsesaren hegemonia ezagutzen duenarentzat berezia da kontrastea. Frantses hiztuna da hiria, bai, Montreal baino nabarmen gehiago, baina ingelesaren presioa –eta ezagutza orokortu samarra– ere agerikoa da. Turismoaren sasoia aurrera doan heinean, ingelesa ere etengabe entzuten da. Eta hiriaren inguruan zabaltzen den paisaiak –baso zabalak, ibai erraldoia– kontinente honen neurria gogorarazten du.

Hirigunetik pixka bat aldenduta, naturak protagonismo handia hartzen du. Adibiderik ikusgarriena Montmorency Falls ur-jauzia da, hiritik kilometro gutxira (autoz joan ohi dira gehienak, baina badago autobusa, eta bidegorria ere bai bizikletaz joan nahi duenarentzat). 80 metro baino gehiagoko altuerarekin, bisitari bat baino gehiago geratzen da txundituta halako paisaia ikusgarria hain hurbil ikusita. Pasealekuak eta zubiak daude inguruan, uraren indarra goitik zein behetik ikusteko.

Hirigunetik pixkat aldenduta, naturak protagonismo handia hartzen du. Adibiderik ikusgarriena Montmorency Falls ur-jauzia da

Quebec hiriaren kontraste esanguratsua da: Europako alde zahar baten kutsua, oinez ibiltzekoa, arkitekturaz eta historiaz eta patxadaz ezagutzeko txokoz josita, eta Ipar Amerikako naturaren handitasuna hantxe bertan, hiria utzi eta berehala. San Laurendi ibai-golko-itsasoaren handitasunean, ur-jauzien txundiduran, eta inguruko basoetako ibilbideetan, jatorrizko irokiar biztanleen arrastoan.

Gida praktikoa

NOLA IRITSI

Quebec Hiriko aireportuak Ipar Amerikako hiri askorekin ditu konexioak. Europatik, uda sasoian Paris, Nantes eta Marseillatik izan ohi dira hegaldi zuzenak. Gainerakoan, Montreal du hiri handietan hurbilena; trenez hiruzpalau ordura dago.

MUGITZEKO

Esan bezala, hiria oinez deskubritzea da onena. Badago funikularra aldapa handietan ibili nahi ez duenarentzat. Hiriko autobusak ere erdigunetik urrundutako lekuetaraino iristen dira (800 busa doa Montmorency ur-jauzietara).

HIZKUNTZA

Frantsesa da bertakoen hizkuntza, eta estimatzen dute bisitariek ere frantsesez egitea. Ingelesa oso zabalduta dago, leku turistikoetan are gehiago.

OSTATUA

Unescoren munduko ondare den erdigunean hotelak garestiak izan ohi dira, baina, garaiz hartuta, Ipar Amerikako beste leku batzuetan baino merkeagoak izan daitezke. Hiri zaharrean ez da falta edo aterpetxerik ere ().