Ibai AZPARREN Getty Images

São Miguel, Azoreetako altxor handiena

Azore uharteek bederatzi paradisu berde eta bolkaniko gordetzen dituzte Atlantikoaren erdian. São Miguel, uharterik handiena, ez da gainerakoetara igarotzeko lekua, irla preziatuena baizik. Paisaia basatiak, terma ikusgarriek eta tokiko gastronomiak esperientzia ahaztezina bihurtzen dute.

Dena hasten da Ponta Delgadan. São Miguel irlako hiriburua da, Azoreetako uharterik handienekoa. Joan III.aren erregealdian hiri mailara igo zuten, uharteko lehen hiriburua, Vila Franca do Campo, 1522ko lurrikarak suntsitu ondoren. Hara iristen dira Lisboatik abiatzen diren hegaldiak, Atlantikoan zehar 1.400 kilometro egin ondoren. Beste aldean, New York 3.900 kilometrora dago. Aintzira eta krater bolkanikoak, berde distiratsuko belardiak, kostalde basatiak eta ozeano sakona; Portugalgo artxipelagoaren sekreturik ederrena da São Miguel, autonomia politikoa duen eskualdea osatzen duten bederatzi uharteetako bat, eta, zorionez, ez da inoiz masa-turismorako helmuga izan.

 

Getty

Portugalgo hiriburutik bi ordu eta erdiko hegaldia egin ondoren, leihatilatik uharteko berdea ikusten hasten da. Ponta Delgada leku ezkutu eta zoragarri frankotara sartzeko atea da. Lehenik eta behin, garrantzitsua da egun erdiko txango bat erreserbatzea, baleak, kaxaloteak, dortokak eta izurdeak ikusteko. Portua leku egokia da, eta agentzia batzuek distantziak eta zaratak errespetatzen dituzte animalia hauei kalterik ez egiteko. Ondoren, auto bat alokatzea ezinbestekoa da uhartean barrena ibiltzeko, komunikazioak ez baitira oso onak. Aireportuan bertan egin daiteke. Ibiltzen hasteko lehen abiadura jarri eta bidaia ahaztezin bat daukagu aurrean, Hawaii «europarrean» barrena. Mendebaldean, Sete Cidadesek postaleko irudi bat erakusten du: etxe zuriak Lagoa Azularen eta Lagoa Berdearen ertzean. Mendi artean ezkutatuta, kayak batekin zeharkatu daitezke. Egun berean Ponta da Ferrariako termetan bainatzeko aukera dago, mendebaldeko kostaldeko "geoleku" babestuan. Naturako ikuskizuna eskaintzen du: ur termalak, ozeanoarekin bat egiten duen igerileku naturala.

Iparraldeak mila aukera eskaintzen ditu, baina bertakoek bi gomendatuko dituzte: Santa Barbarako hondartza munduko surflarien txokoa da, eta Porto Formosoko eta Gorreanako te plantazioak Europako bakarrak dira. Edariak indarberritzeko aukera dira, eta doan zerbitzatzen dute. Iparraldera bidean geldialdia egin behar da -Gobernuko web kamerek zeru garbi baten berri emanez gero- Lagoa de Fogon, toki turistiko ospetsuan. Mendien artean hondoratutako aintzira ikusgarria.

 

Getty

Ekialdeko herri txikiek uharteko biztanleen bizimodua erakusten dute, eta bertako itsaslabarrak, ilunabarrak eta basilika historikoak ikus daitezke. Falal de Terran topa dezakezu trekking-erako bidezidor ezin hobea, amaierako sariarekin: Salto Prego, bainatzea derrigorrezkoa den ur-jauzia. Ponta Delgadara itzulita, platerik goxoena probatu behar da: Furnaseko lapikokoa. Sumendiaren inguruan 50 zulo baino gehiago daude, non jaki hau 96 gradutan prestatzen den, eta herriko jatetxe guztiek bere zulo propioa daukate. Ponta Delgadan prezio onean aurkituko daitezke mariskoa duten jatetxe bikainak, eta Associação Agricolan, uharteko haragirik onena.

Zazpi egun nahikoa dira uhartea zeharkatzeko, baina irlak gehiago eskatzen du. Edozein leku ezin hobea da geldialdi txiki bat egiteko eta paisaia bolkanikoa eta landaredi basatia ikusteko, bertako produktuen gastronomia dastatzeko. Horrek guztiak udarako ihesaldi ezin hobea bihurtzen du helmuga; eta aspertuz gero, beste zortzi uharte daude bisitatzeko, bakoitza bere berezitasunekin, ozeanoaren erdian ezkutatutako paraje ederrekin.