Sebastien Lecocq (Getty Images)

Machu Picchu, arriskuan

Machu Picchu gune arkeologikoa arriskuan dago, gainkarga turistiko jasanezina duelako, Peruko Contraloria Nagusiak (kontuen auzitegia) berriki ohartarazi duenez.

2025eko urtarrilaren 20tik apirilaren 14ra bitartean, Contraloriak datuak jaso zituen eta txosten zehatz bat egin zuen. Egoera larria ikusita, Fabricio Valencia Kultura ministroari bidali zioten, monumentu horien erabilera jasangarria bermatzeko ekintzak eskatuz.

Emaitzen arabera, gotorleku inka eta Inken Bideen Sarea arriskuan daude, «haien egitura eta ekosistema gainkargatuta daudelako. Beraz, Unescok arriskuan dauden munduko ondareen zerrendan sartzea eragin dezake».

Ikerketak 2.505 pertsonako gainkarga erregistratu zuen inken hiriko goiko terrazan (1-B ibilbidea) 2025eko apirilaren 17tik 30era bitartean, eta 1.546 erabiltzailerena 2025eko maiatzaren 1etik 30era bitartean.

Txostenen emaitzen arabera, beharrezkoa da ahalik eta azkarren neurriak ezartzea, Machu Picchu benetan «salbatu» nahi bada.