U. Urrutikoetxea (U.U. Getty Images, VSP eta Meet Minneapolis)

Minneapolis eta Saint Paul, Minnesotako bizitzaren erdigunea

Askorentzat oharkabean pasatu da, munduko hiri zoriontsuenen artean, New Yorkekin batera, Minneapolis dela AEBko bakarra. Hiriko eta estatuko biztanle askoren eskandinaviar jatorriak eskualdeko ondare indigenarekin bat egiten du, eta berriki iritsi diren beste komunitate asiar, latinoamerikar eta afrikarrekin. Hori gutxi ez eta Twin Cities edo Hiri Biki edo bikoitza da, aldamenean daukan Saint Paul Minnesotako hiriburuarekin batera.

Mississippi ibaia doa Minneapolis erditik. Stone Arch Bridge da bere ikono ezagunena. (Sean Pavone | Getty Images)
Mississippi ibaia doa Minneapolis erditik. Stone Arch Bridge da bere ikono ezagunena. (Sean Pavone | Getty Images)

Minneapolisek munduko titularrak hartu zituen duela bost urte, AEBn bereziki baina atzerrian ere protesta jendetsuak ekarri zituen George Floyden hilketaren ondorioz, polizia batek bere belaunpean itota. Rise and Remember festibalak, gertaera hura gogorarazteaz gain, hiriko artisten indarra eta komunitatearen ekintzailetza uztartzen ditu. AEB iparraldeko hiririk garrantzitsu eta progresistenetakoa da, mugimendu indigenaren gune garrantzitsua alde batetik, Suedia eta Norvegiako etorkinek ekarritako kulturaren erakusle ere bai, eta berriki, Somalia, Kanbodia eta beste herrialde batzuetako biztanleen etxe ere bihurtu da.

Hiriko erdigunea eta bisitatzeko lekurik esanguratsuenetakoa Stone Arch Bridge zubia da. Ilunabarrean bereziki, ehunka lagun dabiltza oinezko zubiaren alde batera eta bestera, Mississippi ibaiaren gainean. Herritarren joan-etorria eta hiriko etxe orratzak irudiaren hondoan, argazki paregabeetarako txokoa da. IDS Center 57 solairuko eraikina da Minneapoliseko etxeorratz garaiena.

Orpheum Antzokia, Hennepin etorbidean. (EJ Rodriquez | Getty Images)

St Paulen Landmark Center, 1902an gobernuarentzat eraikia. Egun hainbat erakusketa egin ohi dira bertan. (Sanghwan Kim | Getty Images)

Zubitik gertu Mill City Museum dago. Barnetik ere interesgarria da, baina kanpoko itxura ere ikusgarria du behinolako Washburn A Mill errotak. Zubiaren eta museoaren arteko gunea oso atsegina da, eta bizikletaz ibiltzeko ibilbide ugarietako bat dauka. Izan ere, txirrindularientzako berebiziko hiria da Minneapolis.

Minneapolis Grand Rounds Scenic Byway 80 kilometro baino gehiagoko ibilbide zirkularra da, hiriaren erdigunetik Mississippi ibaira eta ipar-ekialdeko aintziretara. Beste 200 kilometro bidegorri ere baditu, kale bazterretan edo behinolako trenbideak egokituta.

I-94 errepidearen aldamenean Minneapolis Sculpture Garden dago. Tamaina erraldoia duten 60 eskultura, horien artean, hiriaren sinboloetako bat bihurtu den Spoonbridge & Cherry iturria dago, pop-artean inspiratua

Mill District-etik, Mississippiren hegoaldetik, zein zubiaz beste alder University Avenuetik, ibaiko urjauziek Minnesotako unibertsitatearen barrutiraino garamatzate. Hantxe, AEBko arte garaikidearen artelan ugari biltzen dituen Weisman museoa dago. Eraikinak atentzioa ematen du berehala, eta ezinbestean dator lotura burura: museoa bera 30eko hamarkadan sortu bazen ere, egungo eraikina 1993an Frank Gehry arkitektoak egindakoa da. Hau da, Bilboko Guggenheim baino lau urte lehenago eraikia, eta Euskal Herrikoaren antz handia dauka.

Bizikleta-ibilbide ugari ditu Minnapolisek, bere aintziren inguruan. (James Michael Kruger | Getty Images)

Udazken hasieran Minneapolisko basoek oso kolore ederra hartzen dute eta Mississippiren goi-arroan txangoak egin litezke. (VSP).

Downtown Minneapolis eta Central Minneapolis elkarren ondoan baina bereizitako guneak dira. Lehena ibaiertzean luzatzen den erdigunea den bitartean, bigarrenean hainbat kultur eta kirol gune garrantzitsu daude, hala nola beisbol eta saskibaloi Target zelaia, eta haren parean First Avenue antzoki eta kontzertu gune ezaguna. Ezinbestean, hiriko artista famatuenetakoaren oihartzuna dauka lekuak: Prince-rena. Sarritan jo zuen areto honetan. Aldameneko kalean, 9. kalearen izkinan, Princeren mural handia egin zuten.

Erdigunetik pixka bat urrunduta, I-94 errepidearen aldamenean Minneapolis Sculpture Garden dago. Tamaina erraldoia duten 60 eskultura, horien artean, hiriaren sinboloetako bat bihurtu den Spoonbridge & Cherry iturria dago, pop-artean inspiratua. Oilar urdina ere oso ezaguna da eta, oro har, gainerako dozenaka eskulturen artean paseo ederra egin daiteke. Besteak beste, hiriko ondare indigenari ere omen egiten zaio.

Uptownen Hennepin abenida, hiriko zaharrenetakoa. (AlexandreFagundes | Getty Images)
Minnehaha Falls Minneapolisen. (Sophie James | Getty Images)
KULTURA INDIGENA

Ez da txoko bakarra, AEBko mugimendu indigenaren hiriburu garrantzitsuenetakoa da Minneapolis, lakota/dakota eta ojibwe (ainhishinaabe) herrientzat. Hiriaren hego-ekialdean, East Franklin etorbidearen inguruan, hainbat elkarte indigenaren topalekua da. Hemen sortu zen AIM (American Indian Movement), 1970eko hamarkadan batez ere AEBko indigenen eskubideen alde borrokatu zen elkartea, eta egun ere hemen dira, besteak beste, Minneapolis American Indian Center, Bdote ikastetxea eta beste zenbait elkarteren egoitzak. Merezi du egun bat bertako muralak ikusten eta bertako kultur bizitza ezagutzen.

Richard Gehryren Weisman arte-museoa, Guggenheim gogorarazten duena. (Sophie James | Getty Images)

Minnehaha parkea eta ur-jauziak hiriko hego-ekialdean daude. (Sean Pavone | Getty Images)

Mundu osoko sukaldaritza biltzen duen hiri honetan, Amerika indigenak ere behar zuen txokorik. Owamni jatetxe indigenak, esaterako, James Beard saria irabazi zuen 2022an AEBko jatetxe berri onenari. “Deskolonizatutako afari esperientzia" azpimarratzen dute, hala, gari-irina (wheat flour), kanabera azukrea eta esnekiak (“osagarri kolonialak”) kendu dituzte. Plater esanguratsuenen artean daude bisonte entrekota, ahabitan ondutako izokina edo poblano piper-beteak. Jatetxea Stone Arch Bridge-ren aldamean dago, Mill District-en erdian.

Payne-Phalen auzoko Hmong Village, Hmong eta Asia hego-ekialdeko beste herri batzuen merkataritza gune erraldoia da. 17 jatetxe eta taberna ditu, papaia entsalada, zopa tradizionalak, arroz platerak eta beste hainbat mokadu dastatzeko

Minneapolisek egin eta ikusteko dituen leku guztien artean badago aparteko erakargarritasunik aurkitzen ez diogun bat ere, baina, noski, nahi duena libre da horra ere joateko: Mall of America, hiriari buruzko gidaliburu gehienetan ageri da, Estatu Batuetako merkataritza gune handiena delako. Baina funtsean, beste mall edo merkataritza gune bat da, beste edozein lekutan egon ohi diren saltokiekin, eta jolas parke batekin barruan.

Minnesotako etxe-orratzen ikuspegia. (Sean Pavone | Getty Images)
HIRIBURU DOTOREA

Minneapolis da Twin Cities edo Hiri bikien anaia edo ahizpa handia. Txikia, Saint Paul da. Goitik ikusita, hiri bakarra dirudi, baina berez, unibertsitateen eta East Franklin barrutietan Mississippi ibaian behera joan eta ekialderantz hasten da Saint Paul. Egia da Minneapolisen eta Saint Paulen erdiguneak elkarrengandik 15-20 kilometrotara daudela, eta bien artean auzuneak, parkeak eta aintzirak (Minnesotan milaka laku daude, eta hiriburuan bertan ere bai, ertzean paseatzeko zein uretako ekintzetarako).

Haurrekin joanez gero bereziki, baina haiek gabe ere bai, Saint Pauleko zoologikoa eta Minnesotako zientzia museoa bisitatu beharreko leku interesgarrienen artean daude. Kiroletan ere Minnesotak AEB baino Kanadaren antz handiagoa har dezake, izotz hockeyko partidak direnean.

Xcel Energy Center, St Paul-en, Minnesota Wild hockey taldearen zaleen toki kuttuna. (VSP)

Nicolet Mall hiriko erdigunean, etxe-orratzen artean. (Getty Images)

Minneapolistik etorri eta paisaiak une batez asiar kutsua hartzen badu, Hmong Village-tik hurbil gauden seinale da ziurrenik. Hiritik ipar-ekialdera dago, eta aurretik, seguruenik Hmong Cultural Center-etik pasatuko gara. Asia hego-ekialdeko gutxiengo etniko horretako milaka lagun etorri ziren AEBra 1970eko hamarkadan, Laostik batez ere. Haietako asko bizi dira Minnesotan eta iparraldeko estatuetan; Hmong Village Asiako tropikoetara zaramatzan azoka bat da

Payne-Phalen auzoko Hmong Village, Hmong eta Asia hego-ekialdeko beste herri batzuen merkataritza gune erraldoia da. 17 jatetxe eta taberna ditu, papaia entsalada, zopa tradizionalak, arroz platerak eta beste hainbat mokadu dastatzeko. Saltokietan Hmong-en oihalak arropan eta tapizerietan ageri dira, eta ez da falta jostailu eta kosmetika produkturik ere.

Saint Paulen badago Hmong Town ere, kaleko postuz betea, eta kultura horretako liburu denda interesgarriekin. Minnesotako kapitoliotik iparraldera dago. Izan ere, estatuko hiriburua izanik, Saint Paulek bertako kongresua eta senatuaren eraikin dotorea dauka, Missisippi ibaiaren ondoko erdigunetik gertu, katedral katoliko ikusgarria aldamenean utzita.