Roge Blasco (Antonio Ortegak utzitako argazkiak)
Entrevista
Antonio Ortega

«Zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta gehiago falta zait ikusteko»

Ortega, Japonian. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Ortega, Japonian. (Antonio Ortegak utzitakoa)

Antonio Ortegak badaki munduko tokirik onenean bizi garela; hala ere, jakin-minak eta etengabeko egonezinak bultzatuta, ez da etxean gelditzen. Txikitan gurasoen bidaiak prestatzen zituen, eta gaur egun neurrira egindako gidak egiten ditu. Adibidez, Siziliara doa, baina 20 egun daramatza kontzentratuta, Italiako uharte honetako egonaldi berriaren xehetasunak idazten.

Antonio Ortega Bilboko Santutxu auzoan jaio zen 1954an. Bidaiaria eta mendizalea, prentsan eta irratian kolaboratu izan du, bere etengabeko tourrak zabaltzen. ‘Deia’ egunkarian bidaiei buruzko kronika orrialde bat sinatu zuen (1990-2007); guztira, 1.200 artikulu baino gehiago. Eta orain, astero, 2019ko otsailetik, ‘Leioatik mundura’ blogean idazten du.

Amritsarreko Urrezko Tenpluaren aurrean. (Antonio Ortegak utzitakoa)

Orain arte 111 herrialde bisitatu ditu, baina, berak aitortzen duenez, munduan zehar hamaika bidaia egin ondoren, orain gehiago gozatzen du lekuetara bigarren aldiz itzuliz.

Aldatz Gora eta La Sociedad Montañera mendi klubetako burua izan zen. Bizkaiko zuzendari onenaren saria eman zioten 1975ean. ‘Pyrenaica’ Euskal Mendizale Federazioaren aldizkariko zuzendaria izan zen 34 urtez (1981etik 2015era). Gaur egun Euskal Herriko Mendi Biltzarreko zuzendaritzako batzordekidea da, EAEko eta Nafarroako mendi federazioak biltzen dituena.

Edelweiss Klubaren hiru sortzaileetako bat izan zen 1979an, Adolfo Etxebarria eta Juan Mari del Hoyorekin batera. Ondoren, kluba Marco Polo bidaia agentzia bihurtu zen, baina Antonio beti bizi izan da bidaia mundutik kanpo lanean.

Astanan, Kazakhstanen. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Zergatik jartzen duzu hainbeste arreta zure gida propioak sortzen, helmugan egin nahi dituzun ibilbideen xehetasun guztiak idazten?

2008an Japoniara egindako bidaiaren ondorioz hasi nintzen zeregin horretan. Ehun orrialde inguruko gida bat idatzi eta koadernatu nuen, argazki eta mapekin. Trenen ordutegiak azpimarratu nituen; hain dira puntualak eta zorrotzak, ezen azkar ez bazabiltza trena galduko baituzu. Orain Siziliara noa, eta hor ordutegiak aldatu egiten dira. Izan nintzen azken aldian 14 orduko atzerapenarekin ibiltzen ziren tren batzuk.

Bisitatu aurretik, Japonia herrialde zaila iruditzen zitzaidan, bere hizkuntza eta grafia dela eta; hala ere, azkenean bidaiarik errazena bihurtu zen, trena leku guztietara iristen delako. Egun bakar batean lau tren hartu genituen, eta teleferiko bat, funikular bat eta ferry bat, eta Tokiora itzuli ginen inolako arazorik gabe, puntualtasunari esker.

Ayers Rocken, Australian. (Antonio Ortegak utzitakoa)
1976an Alpeetara joan zinenetik, ez zara gelditu. Eta orain, 70 urterekin eta erretiroa hartuta, zaila da zu topatzea. Irteerak bizkortu dituzu?

Orain lehen baino gehiago bidaiatzen dut, denbora gero eta gutxiago geratzen zaidalako bidaia mota jakin batzuk egiteko edo gidatzen kilometro asko egiteko. Iaz ez nuen hegazkinik hartu, autoz joan nintzen Cadizera, eta baita Frantziako Proventzara ere. Badakit edozein egunetan ez didatela gidabaimena berrituko edo ez didatela utziko auto bat alokatzen.

«Beti daude espero ez dituzun lekuak, kartel bat errepidean, istorio bereziren bat kontatzen dizun herritar bat»

Nire buruari esaten diot: «Zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta gehiago falta zait ikusteko»; izan ere, beti daude espero ez dituzun lekuak, kartel bat errepidean, istorio bereziren bat kontatzen dizun herritar bat… Erretiroak askatasuna eman dit nahi dudanean nahi dudan lekura bidaiatzeko, osasunak uzten badit.

Ipar lurmuturrean, Norvegian. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Torres del Paynen, Txilen. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Gogoratzen duzu noiz hasi zen zure grina mundua deskubritzeko?

Umetatik dut zaletasuna; gurasoei bidaiak prestatzen nizkien eta anaiarekin mendi ibilaldietara joaten nintzen. Adibidez, Belaguako toki batean uzten gintuzten, kanpadendarekin joaten ginen, eta hurrengo egunean beste toki batean jasotzen gintuzten. Teidera igo nintzen lehen aldian nire gurasoak hondartzan geratu ziren; anaia eta biok Altavistako aterpean gaua egin eta gailurra egin genuen. Autoarekin jaso gintuzten, gu beste isurialde batetik jaitsi ondoren.

Mendi bila atzerrira irteten hasi nintzenerako, penintsulako probintzia guztietan ibilia nintzen, Almerian eta Huelvan izan ezik. Lehenik, Mont Blanc izan zen eta, ondoren, Cervino koroatzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Autobusez joan ginen Bilbotik Marokoko Goi Atlasera; uste dut gaur egun inork ez lukeela hori egingo. Auto estreinatu berri batean Jugoslavia ohira joan ginen, eta gaur egungo Esloveniako Triglav (2.864 metro) eta Greziako Olinpo (2.918 metro) igo genituen.

Peruko Andeetan sei mila bat egiten saiatu ginen 1979an, arrakastarik gabe, eta Machu Picchurako Inka Bidea egin genuen. Hurrengo urtean Kilimanjarora (nire sabaia dena) igo nintzen (5.895 metro) eta 1981ean Alaskan eta Kanadako Yukonen egon nintzen.

Franz Josef glaziarrean, Zelanda Berrian. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Nola pasatu zinen alpinismotik munduan zehar ibiltzera?

Egiaztatu nuen mendira joateko beharrezkoa zela ekipamendu handi batekin kargatzea, eta nire hurrengo motibazioa izan zen mundua modu arinagoan ezagutzea. India ezagutzea plazer handia izan zen, gurea ez bezalako kultura delako. Sei aldiz egon naiz. Azkenekoan ez ninduen hainbeste konbentzitu, garapenaren eraginez, bere esentzia aldatzen ari delako. Gainera, dena oso garesti dago.

Garai batean Peruk asko erakartzen ninduen, baina Asiako hego-ekialdeaz maitemindu nintzen. Myanmar eta Laos bereziki gustatzen zitzaizkidan. Pare bat aldiz errepikatu ditut. Gauza gutxi izan arren, duintasunez bizi den jendea da; akaso filosofia budistagatik izango da.

«Garai batean Peruk asko erakartzen ninduen, baina Asiako hego-ekialdeaz maitemindu nintzen»

Gero naturaren aldeko apustua egin nuen. Agian Islandia da gehien gustatzen zaidan herrialdea. Liluragarria iruditzen zait sumendiengatik, glaziarrengatik, kobazuloengatik eta kostalde ikusgarriarengatik. Argentinako eta Txileko Patagonia ere aukeratuko nuke. Kanadako Harkaitzetan grizzlis hartzak eta mufloiak ikusteko aukera izan nuen, eta Estatu Batuetako parke nazionaletan, Yellowstonen esaterako, bisonte taldeak.

Bidaia batetik zatozenean, berehala hasten zara hurrengoa prestatzen. Beti prest daukazu maleta etxeko atean?

Etxean gelditzen naiz munduko lekurik onenean bizi naizela pentsatzen jarraitzen dudalako. Etxera itzuli nahi izaten dut errutina jakin batzuk berreskuratzeko. Asko disfrutatzen dut bidaiak prestatzen, ibilbidean zehar, eta, azkenik, itzulitakoan, gertaturikoa gogoratzen eta ‘Leioatik mundura’ blogerako testuak idazten eta argazkiak aukeratzen.

Pazko uhartean. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Ezagutu dituzun 111 herrialdeetatik zein izan da helmugarik konplexuena?

Kaxmirren, Yemenen eta Sri Lankan etxeratze aginduak jasan genituen. Ez dut gogoko abentura turismoa leku gatazkatsuetan. Ez naiz inoiz arazo bila joan, baina sortu dira.

Libanoko gerra 1992an amaitu bezain laster, Siriako tankeak oraindik ere kalean zirela, benetako jakin-mina nuen bertatik bertara ezagutzeko nola sartu ziren etnia eta erlijio liskarretan ordura arte ondo konpontzen zirenak. Ez zegoen argi elektrikorik, ezta urik ere. Tiro eta Sidonera hurbiltzea debekatu ziguten Israelgo Armadaren bonbardaketak zirela eta. Hala eta guztiz, Baalbekeko erromatar hondakinetara iritsi ginen, eta izugarri gustatu zitzaizkidan.

Teide parean. (Antonio Ortegak utzitakoa)
Gai monografiko batzuk jorratu dituzu, hala nola Erakusketa Unibertsalaren egoitzak bisitatzea eta trenbidez hainbat herrialde ezagutzea.

Bisitatu nuen lehen erakusketa Sevillakoa izan zen 1992an. Gero, Lisboa, Hannover, Shanghai, Zaragoza eta Astanakoak

Trenez herrialde asko zeharkatu ditut, hala nola Uzbekistan, Talgoan. Oso gustura egon naiz basamortuaren erdian Samarkanda, Bujara edo Jiva hiriak bisitatzen; postal bat dirudi, beste mundu bat. Suitzan, trenbide sarea hain da zabala, ezen herri guztietara iristen baitzara, automobila aparkatzen ibili beharrik gabe. Gainera, oso garestia da. Edozein herritara joan zaitezke afaltzera eta gero ostatura itzuli.