Has accedido a una noticia de pago y has consumido un clic de tu cuenta personal.
Urtzi Urrutikoetxea (U.U eta Getty Images)
Grand Turk, uharte txiki baten patxada
Ipar Amerikako Atlantikoan altuera handirik gabeko uharteen lerro bat dago, Florida eta Kuba paretik ekialderantz doana. Lucayo artxipelagoan 3.000 uharte eta irlatxo daude; gehienak Bahametan daude, baina azken muturrean, Turkak eta Caicoak daude (TC deitzen diote bertakoek). Izenak izen, Turk Handia herrialdeko txikienetakoa da, baina txokoa historiaz eta leku ikusgarriz beteta dago, lehorrean zein uretan.
Cockburn Town, Turk eta Caico uharteen hiriburu txiki eta dotorea, eraikin historiko eta hondartza luze eta eder baten ondoan. (Ramunas Bruzas | Getty Images)
Hemezortzi kilometro koadroko irla txikiak duen aberastasuna iritsi eta berehala antzematen da: Governors Beach hondartza ederra dauka aldamenean, eta Hawkes Nest gatzaga haren atzean, uharteko historia ezagutzeko paregabea
Lurraldearen izenak adierazten duen bezala, ondo bereizitako bi irla-multzo dira Turk eta Caico uharteak. Caico uharteek 900 kilometro koadro dituzte; hau da, uhartediaren %95, eta Providenciales irlan bizi dira britainiarren menpeko lurralde honetako hamar biztanletik bederatzi, azken urteotan ‘Provo’-n izandako hazkundearen ondorioz. Horietatik ekialdera, hurbil baina oso desberdin, Grand Turk eta haren inguruko irlatxoak daude, eta bertan dago Cockburn Town hiriburua ere. Bi uhartedien artean ez dago distantzia handirik, baina erdian Atlantikoko amildegi handienetakoa dago, bi mila metro baino gehiagoko sakonerakoa.
Mundutik aparte samar dagoen irudipena izaten du hemen geratzen denak, egun pare batean bertako herritarrak agurtzen hasterainokoa. “TC”-ra etortzen direnetatik oso gutxik egiten dute honaino iristeko ahalegina; izan ere, eta etortzen direnen gehiengoa itsas bidaian eguneko geldialdia egitera etortzen dira. Beste batzuek, berriz, Caicoetatik aireplanoa hartuta txangora egitera etortzen dira. Ez dago Provo-ko hotel handirik bazterrotan, etxalde kolonialak eta ostatu (guest house) goxo eta atseginak baino ez, patxadazko egun batzuk emateko eran.
Governors Beach eta Norman Saunders Beach hondartzetan hondoa jotako ontzia. (Jan Schneckenhaus | Getty Images)
Cockburn hiriburuko irudia, erdiko aintziraren parean. (Urtzi Urrutikoetxea)
Ez da ahaztu behar, izan ere, Turk uhartean dagoela Cockburn Town, herrialdeko hiriburua; artxipelagoko gune historiko garrantzitsuenetako asko ere irla txiki honetan daude. Karibe anglofonoaren kutsua berehala nabari da, Bermudako kolorea eta Antilla Txikietako patxada, eta Caicoetan azken urteotan izan den kriminalitaterik gabe; edozein ordutan nork bere erritmora esploratzeko txoko seguru eta lasaia da, erraz nabigatzekoa eta txikia. Elementu historikoez gain, hondartza garbi eta ederrak ditu, urpekaritzarako zein snorkelerako guneak; hezeguneak ere ikus daitezke, eta inguruko irlatxoetan (cay edo key ingelesez, cayo espainieraz) oso txango atseginak egin litezke.
HIRIBURU TXIKIA
Geografiagatik alde batetik, eta kasualitateagatik bestetik, duela ez askora arte Grand Turk zen Turk eta Caicoak britainiar “itsasoz gaindiko lurraldeko” garapen eta merkataritza-gune nagusia. 1980ko hamarkadan hasi zen Providencialesen turismoa garatzen, eta hura bihurtu zen gune ezezagun. Nazioarteko aireportua ere Provok dauka, baina Grand Turk-eko Cockburn Town artxipelagoko hiriburu eta gobernuaren egoitza da oraindik. Britainiar eta bermudar arkitektura kolonial bikaina ageri da Duke eta Queen kaleetan, itsasertzean. Eraikin zahar handi horietako asko ostatu bihurtu dituzte.
Hru koloreko koartzatxoa hiriburuko gatzagan. (Ramunas Bruzas | Getty Images)
Irlaren hegoaldeko muturrean, ontzi erraldoietako itsas bidaiarien lehorreratzea, harea ezin zuriagoko hondartzaren erdian. (Getty Images)
Itsasertzetik joanda, eraikin dotoreenetako batek Turk eta Caicoetako museo nazionala hartzen du; kanpoko horma zuri eta urdin argiak bertan zaudela adierazten dizu. Ez da handia, baina bertako historia zirraragarria ezagutzeko txoko paregabea da. Lucaya artxipelagoari (egungo TC eta Bahamak, alegia) lucayo indigenek ematen diote izena. Hego Amerikatik Karibeko uharteetara bidea egin zuten taino indigenen talde bat izan ziren; Antilletako iparralderaino iritsi ziren, Kuba eta Hispaniola uharteetatik.
Lucayo indigenek Abawana deitu zioten Grand Turk-i. Espainiarrek gero Amuana izena eman zioten. Beste batzuek uste dute Kolonek San Salvador eta bertakoek Guanahani deitu zioten irla hauxe dela
Mendez mende egindako jendeztatze horrek, alabaina, eten bortitz eta odoltsua izan zuen: espainiarrak Ameriketara iritsi eta bi hamarkadara, huts-hutsik zegoen artxipelagoa: jatorrizko biztanleak esklabo hartu eta urrea egon zitekeen lekuetara eraman zituzten. Europatik zekartzaten gaixotasunen aurkako defentsarik gabe, indigenetako asko izurriteak hil zituen.
Middle Caicos uhartean eta beste gune batzuetan aurkitutako ondare arkeologikoa dago ikusgai. Lucayo indigenek Abawana deitu zioten Grand Turk-i. Espainiarrek gero Amuana izena eman zioten. Beste batzuek uste dute Kolonek San Salvador eta bertakoek Guanahani deitu zioten irla hauxe dela; hau da, Ameriketan lehorreratu ziren lehena; ikertzaile gehienek uharte hori mendebalderago zegoela uste dute, egungo Bahametan.
Zaldiz txangoa hegoaldeko hondartzen eta Cockburn hiriburuaren artean. (Urtzi Urrutikoetxea)
Cockburneko hondartza, lagunekin paseo edo piknik atsegin bat egiteko txokoa. (Urtzi Urrutikoetxea)
GATZAREN GARRANTZIA
Gaztelako erresumak ez zuen inolako interesik izan irla hauetan, eta bertako biztanleria indarrez ezabatuta, mende batez egon ziren hutsik, harik eta britainiarrek koloniak sortu eta esklabotzan hartutako afrikarrak ekarri zituzten arte.
Grand Turk mapan berriz jarri zuena itsasoko gatzaren ekoizpena izan zen. Uharte hauetako askotan sakonera txikiko urmael gaziak daude; bertan itsas gatza era naturalean sortzen da lurrunketaren ondorioz. XVII. mendean iritsi ziren lehen kolonizatzaile britainiarrak Bermudatik, eta era naturalean sortutako gatz horren ekoizpenerako harrizko hormak eta haize-errotak eraiki zituzten. Grand Turken bertan ageri dira gatzagak, eta uharte txikiotako bigarrenak Salt Cay du izena, alegia, Gatz Irla.
Airez zein itsas bidaian iritsi, Grand Turk-en hegoaldean lurreratzen (lehorreratzen) dira ontzi zein hegazkinak. Ailegatu eta berehala nabaritzen da hemezortzi kilometro koadroko irla txikiak daukan aberastasuna: Governors’ Beach hondartza ederra dauka aldamenean, eta Hawkes Nest gatzaga interesgarria haren atzean, uharteko historia ezagutzeko paregabea.
Metro gutxira, aireportu txikiaren kanpoaldean, NASAren kapsula txiki baten erreplika dago. Grand Turk izan zen John Glenn astronauta estatubatuarraren lehen lehorreratze gunea Lurrera itzultzean 1962an. Anekdota dirudiena uhartearen garrantzi estrategikoaren adibide ere bada, AEBk bi base militar izan baitzituen txoko txiki honetan Gerra Hotzaren hasieran.
Transantlantikoen geltoki diren hondartza eta snorkel guneek, aisialdirako txokoek eta gatzaga historikoak erraz bete ditzakete itsas bidaian datozenek egiten duten egun bateko geldialdia. Egun atsegina izaten dute, zalantzarik ez, baina Grand Turkeko altxorretako ugari ere ikusi gabe abiatzen dira hurrengo uharterantz.
Grand Turk uhartearen aireko irudia. Artxipelagoko zati txikiena den arren, azken mendeetako historiako protagonista izan da. (Ultima Gaina | Getty Images)
Uhartearen txikitasunarekin kontraste izugarria egiten duten itsas bidaian datozenen ontzi erraldoiak. (Mary Baratto | Getty Images)
ITSASPEAN
Grand Turk mundu osoko urpekarien artean da ezaguna. Horma malkartsu eta amildegien guneetan, sakonera dozena bat metro ingurutik milaka metrora jaisten da, eta koral bizia eta itsas bizitza ugaria dituzte ikusgai. Botilarekin urpekaritza egin beharrean snorkel egitea maite dutenentzat ere leku ederra da, baina hain harea zuriarekin, gutxi daude igerian iristeko moduan, eta txaluparen bat behar izaten da, koral ederrenez gozatzeko.
Bertako biztanleria indarrez ezabatuta, mende batez egon ziren hutsik, harik eta britainiarrek koloniak sortu eta esklabotzan hartutako afrikarrak ekarri zituzten arte
Grand Turk-eko arrezifeetan hazten den itsas bizitzaren kantitatea eta aniztasuna harrigarria da, urpekari aditu gehienek diotenez. Koloretako arrezife-arrainak, otarrainak, aingirak, dortokak, arraiak, arrano-arraiak, marrazo txikiak, eta koral bizia, daude edozein urpeko txangotan ikusgai.
Urpekarientzat famatutako The Wall guneko amildegia Grand Turketik mendebaldera dago (Caicoetara begira, alegia), baina ekialdeko kostaldean beste ikuskizun berezi bat ere aurki daiteke, urpeko esperientzia handirik gabe gozatzeko. Familian joateko ohiko txangoa ere bada: Gibbs Cay irlatxoko arraia txiki eta dotorea biztanlerik gabeko txoko bitxi honetako biztanle aipagarriena da. Horrelako animalia batekin bere habitatean snorkel egiteko aukera paregabea da.
Uhartean libre dabiltzan zaldi batzuk. (Ramunas Bruzas | Getty Images)
Uhartearen iparraldeko muturrean dagoen Grand Turkeko itsasargia, behinolako AEBko basearen aldamenean. (Nancy Strohm | Getty Images)
HISTORIA ETA GEOGRAFIA
Cockburn Town-ek berak ere badauka harea zuriko hondartza. Museora iritsi aurretik Eunice Lodge dago, bertan duela ia bi mende, 1834ko abuztuaren lehenean, esklaboen emantzipazioaren legea irakurri zuten. Metro gutxira hiriburuko gainerako interesgune dotoreak ageri dira: H. M Espetxea, Crofton Coverly House eta St Mary’s eliza anglikanoa, esaterako. Tenpluaren barneko aldeak hiriburuko gatzagaren pareko kioskora ematen du, eta hegoalderantz Auzitegi Gorenaren eraikin handia nabarmentzen da. Aintziraren beste aldeko eraikin zuri eta gorria, berriz, eliza metodista da.
Ez da ahaztu behar, izan ere, Turk uhartean dagoela Cockburn Town, herrialdeko hiriburua; artxipelagoko gune historiko garrantzitsuenetako asko ere irla txiki honetan daude
Harantz jotzen du errepideak, irlan gorantz egiten duen gune bakarrean. Aldamenetik, Grand Turkeko biztanle ezagunenetakoen talde bat ageri zaigu: astoak, behinola oso erabiliak eta gerora libre dabiltzanak. Errepidea iparreko muturreraino doa, bertako itsasargi dotoreraino. Horatio Nelson begiralekuak beste leku batekoa dirudi: harea zuri eta gatzagen lautaden ordez, amildegia Atlantikoraino, mendeetan ontziak joan-etorrian ibili diren lekuraino. Aldamenean, AEBko basearen hondarrak, txoko txiki honek historian izan duen garrantzi geoestrategikoa gogora ekartzen diguna.
Hara, azken detaile bat, inork Turks izena, edo Grand Turk, nondik datorren asmatu duen galdetu aurretik. Kariben izenak jartzeko gida ez dago beti argi, eta kasu honetan, benetan da xelebrea jatorria: gatzagen uharte lehor honetako kaktusari –Melocactus intortus, turko-buru esan izan zaio– goialdean sortzen zaion lore arrosa fez txano turkiarrarekin lotu zuten garai bateko kolonoek. Egun, hiriko sinboloa da, eta hainbat eraikin eta seinaletan ageri da.