IKUSMIRA
IKUSMIRA

Iheslari politikoen aurkako operazioak, konponbide demokratikoaren aurkako mezuak

Gobernu frantsesak argi utzi zuen euskal gatazkaren konponbidearen aurreko jarrera agintera iritsi bezain laster. Eta horretaz dudarik ez bazegoen ere, atzo jarrera hori berretsi zuen Jon Iurrebaso euskal iheslaria atxilotu eta kartzelatuz. Kartzelatze hori bidegabekeria pilaketa da, ageriko bizimodua zuen lagun horrek eritasun larri bat baitu, eta atxiloketak ez du preseski eragin onik izango bere osasun egoeran. Ez da, noski, Estatu frantsesak eta espainolak horrelako jokaera erakutsi duten lehen aldia, eta ez da Iurrebasorekin berarekin erakutsi duten lehena, ETAren eta Gobernu espainolaren arteko azken negoziazioetan parte hartzen ari zen garaian ere atxilotu baitzuten euskal iheslaria, estatuen izaeraren erakusgarri.

Egungo testuinguruan horrelako operazioak are onartezinagoak dira. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak konponbidearen aldeko urratsak egiteko prestasuna agertu zuen; hala ere, badirudi bi estatuetako gobernuak ez daudela mugitzeko prest -edo kontrako norabidean baino ez mugitzeko asmoa- adierazi beharrean daudela. Hala bada, atzo bertan jaso zuten iheslarien kolektiboaren erantzuna, konponbidearen aldeko bere konpromisoa berretsi baitzuten.