Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Eustea ez da irabaztea

Zoritxarrez hala delakoan nago. Zenbat ekimen pankartaren atzean, Poliziaren aurrean. Zenbat pintada eta pegada klandestino. Zenbat kantu gure bizitzen errepertorioan «¡resistencia!» oihukatzen duten lelo errepikakorrez. Loop-ak bailiran gure kaskezurretan, belarrietatik sartuta, labana gurinetan bezala.

Badu halako morboa, erakarri egiten du (gaztetan batez ere) estetika «iraultzaile» horrek. Munduarekin haserre gaudenean nola hala jarrera hori agertu beharra izaten dugu. Eta taldearen babesa ere bilatzen dugu horrela.

Gauza bakoitzak bere momentua du, ordea, eta atzera goaz aurrera ez bagoaz. Euskal Herrian erresistentzia fase luzea bizi izan dugu azken hamarkadetan. Aitortu beharreko borroka izan da, bere azertuekin eta akatsekin. Baina ez ote daude asko horretan kateaturik? Eta okerragoa dena, ez ote daude iragan hori bizi izan ez duten belaunaldi asko horretan kateaturik, mitoak eraikita?

Ernai-n pasa dudan urte eta erdian Periko Solabarria bezalako mitoa ezagutzeko parada izan dut. Pertsona zoragarria, maitasunez eta indarrez betea. Kausa justuen alde dena emateko prest dagoena. Bere bizitzako zenbait pasartez hizketan ari ginen batean galdetu nion: «Periko, ¿resistir es vencer?». Erantzun borobila izan zen, baiezkoa. Onartu nuen, baina ez zalantza gutxirekin.

Nondik gatozen ikusita, zalantzarik ez dut eustea irabaztearen pareko izan zela iraganean. Baina, zoritxarrez, egun eustea ez da nahikoa irabazteko. Horrekin ez dut gutxietsi nahi orain arte egin dena. Kontrakoa. Euste horrek sortu dituen baldintza batzuei esker, egun bestelako planteamenduak egiteko parada dugu.

Zoritxarrez, anbizio falta ikusten dut kate horiek askatu eta planteamendu berritzaile baina errealistak egiteko. Susmoa daukat ez ote dauden eroso asko lehenago aipatutako estetikarekin, porrotaren estetikarekin. Etsaiaren agendan boligrafo gorriz paper txuriak zikintzera mugatzen garela, gure agenda osatu beharrean. Gauzak egiten direla egiteagatik, beti egin izan direlako eta kito. Helburu bakartzat bestea seinalatzea jartzen dugula, gaur zerbait lortu dugula esateko. Etsaiaren jokoan harrapatuta gaudela konturatzeke.

Pankartari eutsi behar zaio, zalantzarik ez. Baina aurrean dugun erronka zein den ikusita, gure kultura politikoko mito asko bota eta berriak eraiki ere egin beharko ditugu. Jendartean zabaltzeko planteamenduak egin eta joko politikoan arriskatzeko beldurra galdu beharko dugu. Jokatu gabe ez baitago irabazterik.