Ramon SOLA
EH Bildu

AURRERANTZ DABILEN KARRAMARROA ETA ESKER ONEKO INURRIAK

BOTEREGUNE ASKO AURKA DITUELA JAKINDA, HERRITARREKIKO ALIANTZA ZUZENA DA EH BILDUK EREIN ETA LANTZEN DUENA. ATZO BEHINTZAT FRUITUAK JASO ZITUEN DONOSTIAN, GIPUZKOA MAILAKO EKITALDI NAGUSIAN. 800 LAGUN INGURU BILDU ZITUEN, ERAGINDAKO ALDAKETA TXALOTU ETA HORRETAN SAKONDU AHAL IZATEKO ITXAROPENEZ.

Alderdikideen artean egonda ere, ez da oso ohikoa gobernu ardurak izan dituzten pertsonek legealdi bukaeran horrelako agur beroa izatea. Baina zutik jarrita, urrunetik entzuteko moduko txalo zaparrada oparitu zieten Zuloaga plazan bildutako ehunka lagunek Gipuzkoako Aldundiko arduradunei. Oholtza gainean, batek baino gehiagok ezin izan zituen malkoak barruan gorde. Ezin uka, egindako lanarekin gustura daudela bilduzaleak, bai eta, jakina, hizlari izan ziren Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirre ere.

Lau urte hauetan abiatutako eraldaketa nola azaldu? Datuekin egin zuen alkateak; deigarrienak, «Donostian etxegabetze bakar bat izatea eragotzi dugula» eta «urteetan uholdeen menpe bizi izan diren Martutene eta Txomin Eneko bizilagunei irtenbide bat eman zaiela». Adibideekin, ahaldun nagusiak: «Antzinako eredua gogoratzen al duzue? Pasaiako kanpo kaia, erraustegia, abiadura handiko trena, Bidegiko zuloa, aberatsenek ordaintzen ez duten Gipuzkoa duty free hura, Nadal…». Eta ipuin batekin, Gari Berasaluze idazleak: aurrera –eta ez atzera– dabilen karramarroarekin irudikatu zuen lau urteotakoa.

Donostiako Parte Zaharrean kuttun duten ikur horrez gain, «inurri lana» ere aipatu zuten, jende askok bultzatu baitu «Gipuzkoa berria». Hizlari guztien ahotan egon zen EH Bilduren funtsezko helburua erabakimena herritarren eskuetan uztea dela. Horrela mintzo zen Xabier Olano: «Gobernu ideala ez da herritarren nahia hobekien interpretatzen dakiena, herritarrei bere aferak konpondu eta kudeatzeko tresna eraginkorrak ematen dizkiena baizik».

Zuloaga plazan jarritako karpak zuen itxura ikusita, herritarrekiko zilbor-heste sendoa du EH Bilduk. Prestaturiko 600 bat aulkiak eskas gelditu ziren eta beste 200 lagunek kanpotik jarraitu behar izan zuten ekitaldia (EAJk Donostian eginiko ekitaldi jendetsuena laukoiztu zuten, beraz). Inkesten gainetik, hitza herritarrek dutela esan zuten Garitanok, Izagirrek eta Olanok. Ildo beretik, euskal herritarren erabakia errespetatzen ez dutenekin ez dutela inolako itunik egingo nabarmendu zuen ahaldungai nagusiak.

Ezin esan, ordea, EAJk hori bera egiteko asmoa duenik, eta horrek biziki zailtzen dio EH Bilduri, botoetan nagusitu arren, Gipuzkoako bi erakunde nagusietan agintean segitzea. «Erronka handia da, ezin dugu hutsik egin, ez diegu beste alderdiei lehengora itzultzen utziko», eskatu zuen Olanok. Baina abisu garbi hau ere helarazi zien jeltzaleei: «Lortuko balute, garbi daukat: ‘Gaurko ogia, biharko gosea’». Etorkizunean damutuko direla, alegia.

Egoera horrelakoa izanda, ordubete luzeko ekitaldian, ezinbestean, itxaropena eta kezka, biak nahasi ziren. Agur usaina zerion, esaterako, gobernukideei (Juan Karlos Alduntzin barne) emandako opariak. Badaezpada, Garitanok argi utzi zuen; ez adiorik. «Inoiz gure laguntza, iritzia, ekarpena, elkarlana behar baduzue, badakizue non aurkituko gaituzuen. Askatasunaren aldeko lanean. Gure herriaren independentziaren aldeko borrokan. Sozialismora doan bidean ibiltzen. Eta beti, beti, euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzen». Tonu xamurra hartu zuen goizak azkenik eta kantari amaitu zuten Olanok eta Izagirrek, bertsotan.