Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Idi urrats

Gasteizko herri harresiko irudiei begira sentsazio eta ideia ezberdinak txirikordatzen hasi ziren nire barruan. Gero askatu ezinik ibili ohi naizen hari-mataza horietako bat.

Inpultso arrazional eta irrazionalak. Ikasitako jarrerak, horien azpiko minak eta esperantza lausotzen denean agertzen den hutsune hori. Gure inguruan bakearen aldeko taldeak disolbatzen ari diren une berean, disidentzia politikoaren aurkako indarkeriak gure hiriburuetako plazak okupatzen jarraitzen du.

Ziurrenik iraganera eramaten gaituzten irudi horiek Gasteizen agertzea kasualitatea izango da, baina Madrileko logikatik begiratuta, hauteskunde ekitaldi bikaina izan liteke.

Ezker abertzalea bere proiektu politiko eta azken urteetako lan instituzional bikainetik abstraitu eta gatazkarekin lotu nahi dute, betiko. Duintasun herritarrez erantzuten dio jazarpen politikoari.

Baina iraganean hobeto bizi zirenei beti iruditu zaie banaketa ona guk duintasuna eta beraiek udaletxea edukitzea. Araba euskaldun, aurrerakoi eta independentistak beldur handia ematen dio Estatuari.

Europako Hauteskundeen ostean, aukera erreal legez aztertu dute lehenengoz. Eta Iturgaitzek ordutik ez du lorik egin. Euskal Herria burujabe, euskaldun eta justizia sozialean oinarrituta egituratzea helburu dugunon garaipen estrategikoa litzateke aldaketa sozio-politikoa baieztatuko balitz. Ziurrenik, azken berrogei urteetan sakontasun horretako lehena.

«Pudimos» alderdikoek ez dute astirik galdu euren burua indarkeriaren oinordekoengandik bereizten. Transformazio sozialik gabeko botere nahiak eragin dien diskurtso aldaketak doktore tesia merezi du. Edo literaturako Nobela.

Domekan, aukera dudan guztietan bezala, hautetsontzietara hurbilduko naiz. Ez dago sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik gure inpotentziatik askatu eta justizia egingo duenik.

Euskaldunak nazio umezurtza gara, idi urrats sendo eta epikarik gabeek erabakiko dute gure geroa.