GARA
WASHINGTON

AEBetan 43 urte bakartuta izan duten presoa askatzeko agindu du epaileak

James Brady Louisiana estatuko epaileak espetxean eta bakartze egoeran 43 urte egin dituen Albert Woodfox presoa askatzeko agindu du eta bere aurka egin nahi zuten epaiketa egitea debekatu egin du. Pantera Beltzen mugimenduko ekintzaile izatea oso garesti ordaindu du.

Albert Woodfoxek 68 urte ditu eta bizitzaren ia bi heren giltzapean egin ditu, injustiziaz betetako prozesu baten eraginez.

Urte luzez aritu dira giza eskubideen aldeko elkarteak «Angolako hirurak» bezala ezagututako preso beltzen askatasuna eskatzen (Herman Wallace, Albert Woodfox eta Robert King). Robert King 2001ean irten zen kalera, 29 urtez egoera negargarrian egon ostean. 72 urterekin hil zen Wallace 2013an, azken 41 urteak espetxean pasatu ostean: hil aurretik hiru egunez izan zuen espetxeko murruetatik kanpo arnasa hartzeko aukera.

Hiru presoek kanpaina gogorra egin zuten Angola espetxeko (horrela deitzen diote garai batean bertan zegoen esklabo plantazio batek izen hori zuelako) baldintza izugarriak salatu eta presoen arteko arraza elkartasuna sustatzeko, baita bortxaketei eta sexu esplotazioari amaiera emateko ere.

Woodfox eta Wallace Pantera Beltzen mugimenduko ekintzaile ziren, hau da, 1966an beltzen eskubideen alde sortu zen taldeko kide. Poliziaren arrazakeria eta gehiegikeria salatzen zuten eta populazio beltza askatzeko «borroka iraultzailea» proposatu zuten Pantera Beltzek.

«Angolako hirurak» lapurreta bat leporatuta sartu zituzten kartzelan. Beraiek betidanik esan dute egin ez duten krimen batengatik zigortu zituztela. Begiraleek salatu izan dute beraien aurkako prozesua irregulartasunez beteta egon zela eta azkenean bertan behera utzi zituzten. Horrexegatik justizia eskatzeko nazioarteko kanpaina baten protagonistak bihurtu ziren.

Fiskalek ez dute nahi Woodfox askatzea, espetxeko funtzionario baten hilketa egozten diote-eta. Bi aldiz epaitu dute kasu horren inguruan eta bigarrenean ezarritako zigorra bertan behera utzi du Bradyk. Fiskalek hirugarren epaiketa egin nahi diote, baina aukera hori debekatu egin du epaileak.

Presoak berak beti esan izan du funtzionarioaren hilketarekin zerikusirik ez zuela eta espetxean bertan Pantera Beltzak mugimendua antolatzen saiatu zelako nahastu zutela krimen harekin.

Epaileak uste du Woodfoxek ez zuela defentsa egokia izan epaiketan eta gogorarazi du lekuko guztiak hilda daudela.