Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Indar bilketarako aukera berriak

Hego Euskal Herrian hauteskunde zerrenda ezkertiar-aurrerakoi bateratuta egiteko luzatutako deialdiak bazterrak astindu ditu. Batzuek jada erantzun dute, sinadurak pilatzen diren bitartean: badirudi bizkor ibili nahi izan dutela zenbaitek bidea lehenbailehen mozteko.

Ez dakit zertan geldituko den hau dena, baina, kasualitatea izan ala ez, Errenteriako irudi batzuk ikusi ditut egunotan Interneten eta Nafarroan bizitzen ari garenaz batera, indar bilketaz pentsatzeko beta eskaini dit. Izan ere, ezberdinen arteko elkarlana ez da batere erraza, baina gauzatzen delarik, izugarrizko indarra har dezake.

Azkenean, EH Bildu bera duela urte gutti batzuk ezinezkoa zirudien aliantza bat da. Nihaur Herri Batasunaren bozeramaile nintzelarik EArekin genituen harremanak ederki oroitzen ditut, eta ez da erraza Aralarrekin bizitako giro kaxkarra ahaztea. Indarrak biltzeko bidea ez da erosoa izan, batzuetan zauri zaharrek eta iritzi eta joera ezberdinek dena iluntzeko mehatxua zabaldu dutelako. Baina urrats handiak egin dira eta gaur egun EH Bildu egitasmo sendoa da, partaideen arteko elkarlana eta jendartearekiko lotura sakontzeko bidean dagoena.

Beste batzuek bizkor egindako janariak proposatzen badizkigute ere, denboraz, patxadaz eta pazientziaz egositako platera dugu EH Bildu. Premiak ahantzi gabe, erritmoek garrantzia dute eta tresna politiko berri eta berritzaileak urratsez urrats egin behar dira.

Hainbat pertsona ezagunek mahai gainean jarri duten proposamena eragile ezberdinei zuzenduta dago eta ez da erraza tenpus mugatuetan jauzi handiegirik egitea, baina Nafarroan ikusten ari garenez, atzo ezinezkoak ziren elkarlan bideak irekita daude egun, zorionez.

Euskal independentismoak ez ditu bere helburuak baztertuko, ezta bere bidea geldiaraziko ere. Kontua ez da inork bere egitasmoa baztertzea, elkarrekin eman daitezkeen pausoak ematea baizik, indarrak biltzeko aukerak aztertzea, finean.