07/10/2015

Fredi Paia
Bertsolaria
«Akabuko martxea»

Bihartik astelehenera eta urriaren 22tik 24ra berriz ere errepikatuko dugu, azkeneko aldiz, Gipuzkoako Goierri eta Bizkai mendebaldeko itsasertza elkartzen zituen ardi martxa

Txorierriko itsasaldea deitzen zioten gure eskualdeari 1980. urtera arte, ikertzaileek Plentziako azpieuskalkia deitu izan diote gure euskarari eta egun Uribe Kosta, Getxo, Leioa eta Erandiok osatzen dute. Gure herrietako 50 urtetik gorako guztiek ondo gogoan dituzte antzarek zerua gurutzatu ostean euren artaldeekin agertu ohi ziren «pastore kiputzek».

Toulouseko Unibertsitateko ikerketak zein Jose Miel Barandiaran bat datoz ardi martxak neolitikoan sortu eta arautu zirela esatean. Mendeetako kate horretan, familia berezia da gure eskualdean Zegamako etxezarretatarrena. Pedro, Juan, Martin, Mikel… belaunaldiz belaunaldi, neguro etortzen ezagutu dituzte gure aitaita-amamek. Kate horren azken begia Mikel Etxezarreta da, 1983. urtera arte ohitura zaharrari eutsi ziona. 12 urterekin lau hilabete Zegamako zein Aguraingo eskolan eta gainerako laurak Plentzikoan igarotzen zituen artzain-umea. Senitartekoekin etortzen zen, oinez ahal zuen neurrian, behor-saskietan ume koxkorra zenean. Saski bakoitzean anaia bi, elurtzan zehar aurrera Urbiako mendietatik Barrikako itsasertzera.

Bihartik astelehenera berriz ere errepikatuko dugu, azkeneko aldiz, Gipuzkoako Goierri eta Bizkai mendebaldeko itsasertza elkartzen zituen ardi martxa. Dokumental baten bidez belaunaldi berrien eskura laga gura dugu memoria. Urriaren 8an Urbiatik Otxandiora, 9an Otxandiotik Dimako Artaun auzora, 10ean Artaunetik Larrabetzuko Basaraz auzora, 11n Gamiz-Fika eta Lemoizetik Barrika Goierrira egingo dugu eta 12an Barrikatik Getxora. Horrez gain, ardi martxaren zikloa ixteko, urriaren 22tik 24ra Urbia Zegama eta Zegama-Segura-Idiazabal bidea egingo dugu.

Artikulu honen izenburua Youtuben jarrita trailerra ikusteko aukera duzue. Lurralde ezberdinetako euskaldunon arteko harreman historikoetatik asko ikas genezake etorkizunean egin beharrekoaz. Eta artaldea zuen herritik igarotzen ikusiz gero, lagundu otoi gorotzak garbitzen, hiritar modernoek panikoa omen diete eta.