Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hitz beteak, edukiez

Ezer gutxi da kasualitatea munduan. Gehiena kausalitatea da. Horra, kasuko, hiztegiarena. Gero eta hitz gutxiago ditu, gero eta xinpleagoa hitz egiten dugulako; teknologia eta hirikoa nagusi.

Eta hau kolpea! Gero eta konplexuagoa den munduan, hangoa eta hemengoa, bere erraiak aztertu eta horietan eragiteko hitz asko eta askotarikoak behar ditugun honetan, kale! Hitzen sinplekerian harro! Ez da harritzekoa gero, alde batekoek zein bestekoek hitz berez osatzea esaldiak, kontrako gauzak adierazteko bada ere.

Hitz asko, edukia galduta, azal hutsa diren seinale. Hortaz, egokia litzateke, sukaldaritza nonahi agertzen zaigun aro honetan, «hitz beteak» egin eta erabiltzen ikastea. Hori bai benetan berri izango, hainbeste ditxosozko innobazio zaharren aldean.

Tira, demonio, harira! Desjabetzea albiste. Eta? Ni aldekoa naiz, herritarrena den ondarea beretzat hartu duen jabea desjabetzearen aldekoa, bataiarriaren uretan hasi eta kanpandorreko azken ezkilaraino desjabetu ere, ostiak barne. Aitaren batean egin ere! Atoan! Eta utikan! Amen.

Jakina, jabea baino ezin da desjabetu; ezer ez duena ezin, desgabetzea ez baita fisikoan bideragarri. Horra, egun kulturaren hiriburu den horretan, erdigunean, etxegabe bat hilotz topatu dute kutxazain automatiko batean. Batzuek, kontzientzia izan daitekeen hori lasaitze aldera, pentsatuko bide dute kodea ahaztu zitzaiolako gertatua dela, kasualitatez; edo etxegabe izanda ere kalejabea zela, benetan kaletarra; edo, gaitz-erdi! abian den beroketa globalarekin gero eta gutxiago gertatuko dela kalejabeak hilotz topatzea. Amen.

Benetan izorra nauena, erreietaraino izorra ere, zera da, Davosen bilduta dauden horiek inoiz ez dutela euren arteko baten burua hilotz topatuko kaleko kutxazain automatiko batean. Utikan!